Arrigorriagak lehen postua lortu du mailegu digitalean

ELiburutegiak 2018ko urtarriletik abendura bitartean azterketa egin ostean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegien zerbitzuak emandako informazioaren arabera, mailegu digitalean Arrigorriagako udal-liburutegiek hartzen dute lehen tokia 10.000 biztanletik gorako herrietan, 1.000 biztanleko ia 50 mailegu eman baitituzte.

Irakur-ohituren gaineko datu horiek agerian jartzen dute eLiburutegia plataformari orain lau urte pasatxo abian jarri zenez geroztik Arrigorriagako irakurleek egin dioten harrera ona.

ELiburutegia eduki digitalak irakurtzeko aukera ematen duen plataforma da, dela Internet bidez, dela streaming, ordenagailu edo gailu mugikorren bidez. Aukera ematen du argitara eman diren azken lanak, literaturako klasikoak eta EIPSk hautatutako liburu ugari eskuratzeko. Orain, gainera, zinema, dokumentalak, kontzertuak, serieak eta film laburrak online ere ikus daitezke.

Arrigorriagako udal-liburutegietako bazkide izan eta zerbitzu hau erabili nahi izanez gero, sarbide-gakoak eskatu behar dira. Oraindik bazkide izan ez eta zerbitzu hau baliatzeko interesa dutenek bazkide-txartela eskatu beharko dute eta eLiburutegia plataformara sartzeko beharrezkoa duten informazioa emango zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude