Kategoriaren artxiboa: Berriak

Arrigorriagak lehen postua lortu du mailegu digitalean

ELiburutegiak 2018ko urtarriletik abendura bitartean azterketa egin ostean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegien zerbitzuak emandako informazioaren arabera, mailegu digitalean Arrigorriagako udal-liburutegiek hartzen dute lehen tokia 10.000 biztanletik gorako herrietan, 1.000 biztanleko ia 50 mailegu eman baitituzte.

Irakur-ohituren gaineko datu horiek agerian jartzen dute eLiburutegia plataformari orain lau urte pasatxo abian jarri zenez geroztik Arrigorriagako irakurleek egin dioten harrera ona.

ELiburutegia eduki digitalak irakurtzeko aukera ematen duen plataforma da, dela Internet bidez, dela streaming, ordenagailu edo gailu mugikorren bidez. Aukera ematen du argitara eman diren azken lanak, literaturako klasikoak eta EIPSk hautatutako liburu ugari eskuratzeko. Orain, gainera, zinema, dokumentalak, kontzertuak, serieak eta film laburrak online ere ikus daitezke.

Arrigorriagako udal-liburutegietako bazkide izan eta zerbitzu hau erabili nahi izanez gero, sarbide-gakoak eskatu behar dira. Oraindik bazkide izan ez eta zerbitzu hau baliatzeko interesa dutenek bazkide-txartela eskatu beharko dute eta eLiburutegia plataformara sartzeko beharrezkoa duten informazioa emango zaie.

Orri-markagilu berria Arrigorriagako liburutegietan

Arrigorriagako liburutegiek, orri-markagailu berri bat atera dute 2019ko egutegiarekin batera. Bertako irudia Buiako Inés Cárcoba Omabeiti artistaren obra originala da. Artistak liburu bihurtutako hegoak astintzen dituzten tximeleta xelebre batzuk margotu ditu, kolore biziak erabiliz.

Tximeletaren sinbologia

Tximeletak oso deigarriak dira, kolore bizi-biziak baitituzte. Lore hegalariak edo maitagarri
magikoak dirudite. Kultura guztietan, tximeletek alaitasuna adierazten dute, transformazioaren
ikur baitira; izan ere, transformazio- edo metamorfosi-prozesuan beren egitura genetikoa
erabat alda dezaketen izaki bizidun bakarrak dira (beldarraren DNAk ez dauka zerikusirik
tximeletarenarekin). Horrenbestez, erabateko transformazioaren ikur dira.

Irakurketa ere transformazio pertsonal eta sozialerako tresna da. Hori dela eta, mundu guztia
animatzen dugu liburutegietara gerturatzera eta mailegatutako liburuekin batera artelan txiki
hori eskuratzera.

Ikasleentzat ordutegi berezia Arrigorriagako udal liburutegietan

Abenduaren 14tik urtarrilaren 19ra arte instalazioak egokitu egingo dira, ikasteko espazio eskaerari erantzuteko.

Arrigorriagako Bibliotekek ordutegia egokitu dute ostiraletik aurrera, abenduak 14. Horrez gain,
herriguneko ikasgela astelehenetik larunbatera egongo da zabalik.

Aste barruko ordutegia 9:00etatik 21:00etara (Abusun 20:45era) izango da etenik gabe, eta larunbatetan, berriz, 9:00etatik eguerdiko 14:00ak arte (Abusun 13:45eak arte).

Abusuko Bibliotekako Spota

Abusuko Zentro Soziokulturaleko 15. urteurrena dela eta Abusuko Bibliotekan SPOT bat egin nahi izan dugu “Auzoari begira dagoen liburutegia” lemapean. Bideoarekin gure lanaren ispiritua islatu nahi dugu: komunitateari zerbitzua eman eta auzoan dauden hainbat eragileren inplikazioa bilatu (Abusu Sarean, elkarteak, istituzioak eta norbanakoak) irakurketaren babesle bihurtu daitezen.

Irakurzaletasuna norberaren, gizartearen eta komunitatearen garapenarako bide garrantzitsua dela uste dugu. Horregatik ahalik eta aliatu gehien behar dugu gure zeregin honetan: ume eta gazteen eredu bihurtu eta irakurzaletasunaren bidea erraztu. Horretarako kanpainak egiten ditugu, irakurle eta idazle taldeak dinamizatu, haurrentzako eta familientzako gidak eta jarduerak antolatu eta Abusuko Liburu azoka eta Kultur Astea antolatzen laguntzen dugu.

Liburuak denon eskura egon daitezen nahi dugu. Eta Abusuko auzoari bere laguntza eta inplikazioa eskertzen diogu.

Maria Moliner kanpainaren seigarren saria

Abusuko udal-liburutegiak Irakurzaletasuna Sustatzeko Maria Moliner saria jaso du berriro “Abusu, auzo irakurlea” proiektuari esker. Sari hori Kultura Ministerioak banatzen du, estatu osoko 50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako udal-liburutegiek umeen eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko egiten duten lana aitortzeko.

Proiektu hori ahaleginak batzen saiatzen da, Abusu auzoko eragileekin elkarlanean (hasi ikastetxeetatik, eta elkarte eta saltokietaraino), Abusu irakurketa garapen pertsonala, soziala eta kulturala lortzeko baliabide gisa babesten duen auzoa izan dadin. Horretarako, ahalegin berezia egiten da helburu horrekin auzo osoan jarduerak, kanpainak eta ekintzak egiteko.

Xedea da beharrezko tresnak ematea Abusu auzo OSOAk bat egin dezan irakurketarekin, bereziki txikienek eta gazteek, auzoa irakurketaren eredu eta bideratzaile izan dadin,
irakurketari duen garrantzia emanez.

Aurten, gainera, Ministerioak LIBURUTEGIETAN IRAKURZALETASUNA SUSTATZEKO JARDUEREN GIDA argitaratu du lehen aldiz, liburutegietan jardunbide egokiak gauzatzeko eredu. Bertan, Abusuko liburutegiko bi jarduera agertzen dira: Bularretik Mintzora programa eta Abusuko Mikrobiblioteka.

Bularretik Mintzora programa orain dela 5 urte baino gehiago hasi zen garatzen Abusun, eta programa berean bildu nahi ditu familiak, ikastetxeak eta liburutegia, Haur Hezkuntzako umeek txandaka eramaten duten bidaia-motxila baten bidez. Horrez gain, protokolo bat egin da osasun-zentroarekin, osasun-langileek irakurzaletasuna sustatzeko programa sar dezaten euren osasun-programan.

Saria jasotzeari dagokionez, aurreko urteen aldean, Mikrobiblioteka izan da urte honetako berrikuntza. Espazio fisiko zein birtual horrek idazketa bultzatzen du hainbat proposamenen bidez, besteak beste: mikrokontakizunak idaztea edo “zure bizitza sei hitzetan kontatu” ekimena. Gainera, Zubietxe elkarteko eguneko zentroko arte-tailerrean parte hartu da, tailerreko kontakizunetan oinarritutako artelanak egiteko, eta alderantziz. Elkarlan horretatik sortu da “Barneko joan-etorriak” erakusketa. Urrian egon zen ikusgai Abusu Zentro Soziokulturalean.

Honako hauek dira liburutegian urtero egiten dira beste ekintzetako batzuk: ikastetxeen bisitaldiak, irakurketa-klubak, tailerrak, ipuin-saioak, solasaldiak idazleekin, irakurketa familian… Eta auzoan, oro har, liburuaren azoka, literatura-lehiaketak, liburuen aurkezpenak eta abar egiten dira. Urrian, liburutegian lehenengo kedada booktuber egin da (https://booktuberboom.wordpress.com/), 14 eta 18 urte arteko gazteentzat.

Maria Moliner sariarekin liburutegiko jardunbide egokiak aitortzeaz gain, liburutegiak 1.706 euro jasoko ditu liburuak erosteko.

“Bularretik mintzora” eta “Abusuko Mikrobiblioteka” gidaren barruan

Abusuko Liburutegiko bi jarduera aukeratu dituzte, María de Moliner Kanpainan parte hartu duten Liburutegi Publikoetan azken urteotan egin diren irakurtzea sustatzeko praktika onen bilduma osatzeko. Bilduma honen argitalpenak honela izena du: Liburutegietan Irakurtzera Animatzeko Jardueren Gida. María Moliner Kanpaina. Urritik aurrera eskuragarri egongo da Irakurtzea Sustatzeko Planaren webgunean.

Gida honen helburua da irakurtzea sustatzeko 115 jarduera original eta berritzaileenak ezagutaraztea. Zehazki, Abusuko Liburutegiko bi egitasmo jasotzen dira zerrendan: Bularretik mintzora, haurrei zuzendua, eta Abusuko Mikrobiblioteka, publiko guztiari zuzendua.

Jarduera horiek gidan sartzeaz gain, zorionak eman dizkiete “jarduerak diseinatzeko izandako sormen eta asmamenagatik, eta auzokoen artean irakurtzea sustatzeko egin duten lan bikainagatik ere”.

Ikasturte berriarekin batera beste hainbat egitasmo ditu martxan Abusuko Bibliotekak, eta urrian bertan hasiko dira mikrokontakizunak sortzeko tailerra, helduentzako irakurketa kluba eta familian irakurtzea 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, senide batek lagunduta. Azken hau azaroan hasiko da eta oraindik plaza batzuk daude libre.

J.M. Pérez Chaf-ek “El Timón del sur” eleberria Arrigorriagako herriguneko Bibliotekan aurkeztuko du

Arrigorriagako herriguneko Bibliotekan antolatzen diren literatura topaketen barruan aurkeztuko du J.M. Pérez Chaf-ek “El Timón del sur” eleberria. Kultur Etxean izango da otsailaren 1ean, osteguna.

Ekitaldia 19:00etatik aurrera hasiko da. Sarrera doan da eta amaieran idazleak liburuak sinatuko ditu.

Ongi etorri errefuxiatuak Arrigorriaga elkarteak kontakizun lehiaketa deitu du

Ongi Etorri Errefuxiatuak Arrigorriaga elkarteak kontakizun lehiaketa deitu du “Pertsona migratzailea eta errefuxiatua” lemapean.

Deialdia martxoaren 2ra arte egongo da zabalik eta edozein persona, edozein adinekoa eta edonon bizi dela parte har dezake. Lehiaketaren oinarriak Arrigorriagako Udal liburutegietan aurki daitezke.

Saria afari bat izango da bi pertsonarentzat herriko jatetxe batean.

Irabazleen izenak martxoaren 19aren eta 23aren artean emango dira.

Mikrobiografia lehiaketa

Hauek dira lehiaketara aurkeztu diren mikrobiografiak. Euren artean epaimahaiak lehenengo hamarrak aukeratu ditu hoberen artean zozketa egiteko, eta sariduna Laura Guzmán izan da. Epaimahaiak sari berezi bat ere eman dio Julen LLamosasi 15 urtetik beherako izan eta hamar onenen artean egoteagatik. Saria liburu sorta bat da bakoitzarentzat. Zorionak bioi.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei.

Jarraitu irakurtzen