Amodiozko ipuinak: helduentzako ipuin musikatuak

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu nahian ipuin emanaldi berezi bat egingo dugu helduentzat.

Apirilaren 25ean izango da, arratsaldeko 7etan, Liburutegian bertan.

Saioa irekia da, beraz, hurbildu nahi zaretenok gonbidatuta zaudete.


Emakume Eskeletoak (Maite Arrese, ipuinak; Mau Ziemkiewicz, biolina) bikotearen eskutik izango da emanaldi hau.

Maite Arrese. Beasain, 1967. Kazetaritza ikasketak egin zituen. Antzerki eta telebista munduan ibilitakoa, gaur egun ipuin kontalaria eta yoga irakaslea da.  

Mau Ziemkiewicz. Mau-k goi mailako ikasketak egin zituen Varsoviako Chopin Akademian. Ondoren postgraduado bat ikasi zuen Londres-ko Royal Academy-an. Bertan aintzinako musikan espezializatu zen. Gaur egun Donostian bizi da eta musikari profesional, biolin-biola irakasle eta musika-terapia lanetan ari da.


AMODIOZKO IPUINAK titulupean bildutako ipuin sorta eskainiko dute. Saioa ELEBIDUNA izango da. Hala ipuin bi euskaraz eta beste biak gazteleraz eskainiko dituzte, betiere musikaz lagundurik.

Maitasunaren inguruko ipuinak dira guztiak, kontuan hartuz Mendebaldeko kulturaren ikuspuntua. Hala bada, lau maitasun mota desberdin bereizten dira: FILIA, EROS, LIBIDO eta AGAPE. Lau maitasun mota hauek nahastu egiten dira esperientzia autentikoak bizitzen diren aldiro, baina proportzio desberdinetan.

Hauexek dira maitasun mota desberdinak islatzeko aukeratutako ipuinak:

  • Clarissa Pínkola Estések idatzitako “Otsoekin korrika dabiltzan emakumeak” liburutik ateratako ipuina: FOKA-LARRU, ARIMA-NARRU. Hau euskaraz eskainiko da.
  • ANA MARIA MATUTEren LA RAMA SECA. Gazteleraz eskainiko da.
  • ARALARKO KONDAIRA ZAHARRA. Elezaharrean oinarritutako kondaira. VIII. mendearen hasieran gertatutakoa. Euskaraz eskainiko da.
  • Clarissa Pínkola Estések idatzitako “Otsoekin korrika dabiltzan emakumeak” liburutik ateratako ipuina: EMAKUME ESKELETOA. Gazteleraz eskainiko da.