Egilearen artxiboa: Eva A.

Pinterest-etik Instagram-era

Eibarko Udal Liburutegiko kontu ofiziala

Badira urte batzuk Pinteresten kontu bat zabaldu genuela. Gure asmoa kontu horrekin Liburutegiko nobedade bibliografikoak ezagutzera ematea zen, gure erakusleihoa bihurtzea.

Baina doako kontu hauekin pasatzen dena zera da, aldaketa ugari izaten dituztela eta ikusi dugu gero eta traba gehiago ditugula hasierako helburu horri eusteko.

Guzti hau dela eta, Instagramen kontu bat zabaldu dugu eta hemendik aurrera bertan emango ditugu ezagutzera liburutegira iritsi diren liburu berri-berri horiek eta interesgarriak iruditzen zaizkigun beste berri batzuk ere. Animatu eta egin zaitez gure jarraitzealea!

 

 

Eibarko liburutegiari buruzko artikulua “Liburutegiak” aldizkarian

Liburutegi Zerbitzuak urtero argitaratzen du “Liburutegiak” aldizkaria. Aurtengoa ikusmenaz atzemateko moduko formatuan kaleratu da, aldaketa eta diseinu berriarekin, eta 2016ko ekitaldiei buruzko informazio interesgarria biltzen du.

Aurtengo aldizkari honetan hainbat proiekturen berri ematen dute, hauen artean “Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala“; eLiburutegi zerbitzuaren urteko bilakaera; Liburutegien sarea zifratan, etab. Artikuluen artean, 17. orrialdean Eibarko liburutegiko IEA-ri, hau da, Itzulkin Ekonomikoaren Adierazleari buruzkoa dago. Bertan eskaintzen ditugun zerbitzuen balio ekonomikoa zein den azaltzen da.

 

Eibarko liburutegia hodeian: egin klik!

Eibarko Udal liburutegia Portalean dago, Bista Eder 10 kalean. Bertara datozen erabiltzaileek oso ondo dakite nola iritsi honaino. Baina leku fisikotik haratago, Liburutegiak badu bere presentzia Interneten, “hodeian”, eta esparru hori ez da hain ezaguna gure erabiltzaileentzat.

Ezjakintasun horri konponbide bat emateko ahaleginean, ordenagailu bat jarri dugu Liburutegiko sarreran (paretan kokatuta) jendeak kuxkuxeatu eta ikus dezan zein den gure presentzia hori “hodeian”.

Seinalizazioan ikus daitekeen moduan, hiru ataletan banatu dugu informazioa:

Presentzia Interneten:

Plataforma digitalak:

Baliabideak Interneten: eduki esanguratsuen berreskuratzea gaika

Ordenagailu hori ukitzeko dago, kuxkuxeatzeko, erabiltzeko. Interesekoa den zerbait aurkitzen baduzu, apunta ezazu helbidea (URLa) edo galdetu mostradorean nola sartu zaitezkeen eduki hori lasaiago ikusteko.

“Liburutegia hodeian” gure erakusleihoa da mundu birtualera.

“Retrato enigmático” liburuaren aurkezpena

Maiatzaren 16an María Luisa Blasco del Amo idazlearen “Retrato enigmático” liburua aurkeztuko dugu Portalean, 19:30eanMateo Guilabert izango da idazlearen aurkezlea.

IDAZLEA

Nire pintura eta literatura “Lirikoak” dira, poesia eta harmoniaz josita. Nire ibilbide artistikoa Eibarko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zen. Bazkidea naizen Eibarko Artisten Elkarteak lagatako lokal batean hasi nintzen pintatzen, nire musak lagun nituela, musika onez inguratuta eta hobetzeko gogoarekin.

Ondoren, erakusketa indibidual eta kolektiboak etorri ziren Eibarren, Deban, Azpeitian eta Elgoibarren eta baita aire zabaleko pintura lehiaketak Soraluzen ere. Han epaimahaiko kide ere banaiz eta bertan bizi naiz. Literatura poesiarekin sortu zen, nire obra plastikoa laguntzen duena erakusketetan. Geroago prosa aldakorra etorri zen.”

LIBURUA

La Dama de Anboto margotzen ari zela sartu zen Koldobike jeinuen munduan, eta erraldoien arteko eleberri bat idatzi zuen. Euskal Herrian eta Nafarroan gertatzen da, orain dela asko, gizakiaz gaineko izaki batzuen artean: Mari justiziatzailea, Aker deabruzkoa eta bere jarraitzaileak. Orduko kultura arkaikoa eta paganoa zen kristautasuna indarrez sartu zen arte, bertako gurtuak eta jainkoak estaliz.

Eta amodiozko istorio bat sortzen da Zabalaundin (Urkiolan) Manuel (gizakia) artzainaren eta Isabela (gizakiaz gaineko izakia) laminaren artean. Istorio horretan bizitzaren sentimendu altuenak eta gidariak baieztatzen du ez dagoela mugarik amodioarentzako. “Amodioa arima eta magia delako”. Baina bikoteak sufritzen duen zoritxarra dela eta, indar teluriko bi horien artean liskarra suertatuko da Zugarramurdiko kobazuloan.

 

Liburu-aurkezpena: “Tierra de adopción”

Maiatzaren 12an Yolanda del Nozal idazlearen “Tierra de adopción” liburua aurkeztuko dugu Portalean, arratsaldeko 7etan. Juan Ortega, Eibarko Antzerki Jardunaldietako zuzendari artistikoa, izango da idazlearen aurkezlea.

IDAZLEA

Yolanda del Nozal umetxoa zela iritsi zen Eibarrera bere gurasoen besoetan, zeintzuk hirian kokatu ziren 50eko hamarkadaren bukaeran. Bere anai-arrebak Eibarren jaio eta bizi dira.

Gaur egun Bilbon bizi da, aspalditik gainera, Frantses filologiako ikasketak bukatu eta han instalatu zenetik. Getxoko Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantseseko irakaslea da. Betidanik gustatu zaio interpretazioa eta hori dela-eta Narruzko Zezen antzerki taldeko kidea izan zen Eibarko Unian COU ikasten zuen bitartean.

LIBURUA

Hori da bere istorioaren abiapuntua, umetako oroipen horiek berreskuratzea: eskolakoak, bere kalekoak, bere bizipenak. Baina protagonista nagusiak gurasoak dira, batez ere aita. Aitak kontatzen du zergatik erabaki zuen Eibarrera etortzea Palentziako lurretatik eta nolakoa izan zen bere lehenengo bidaia hura. Horrela, Eibar hiriak leku garrantzitsua du liburuan eta, jakina, baita gure bizitzetan ere.

Azalpen honekin hobeto ulertuko da obrari eman dion titulua: Tierra de Adopción.

Gazteleraz. Sarrera dohainik. Aurkezpenean bertan liburua erosteko aukera egongo da

 

Zapatuko ipuina: Amona Joxepa

Herriko jaiak alaitzeko AMONA JOXEPA etorriko da. Gaurkoan hala ere arazo bat du, ez du zerbait topatzen. Halako batean liburu magikoa agertuko da. Orduan EGUN BEREZIA denez AMONA JOXEPA istorioa modu berezi batean kontako du… TXONTXONGILOen bitartez.

Bi azeritxoen istorioa kontako du, GORRIXKA eta BUZTANTXOren istorioa eta nola EHIZTARI gaizto batek tranpa bat jarri duen. BUZTANTXO tranpan erori eta GORRIXKA askatzen laguntzen du.

Istorio koloretxu eta dibertigarria HAURREN parte hartzea beharrezkoa delarik.

Patata Tropikalak egindako TXONTXONGILO eta ANTZERKIAren arteko fusioa, bertsolaritza, kritika eta batez ere umorea tartea dutelarik.

Liburu-aurkezpena: “Te voy a hacer una autocrítica: diccionario para entender a los humanos”

Idazlea

Perroantonio José Antonio Blancoren (Barakaldo 1961) amorruzko bertsioa da, Josean Blanco izenaz ere ezezaguna. Nerbioi ibaiaren ezkerraldean jaioa eta hezia, Eibarren bizi da 1994az geroztik.

Filologoa eta kazetaria, bi poesia liburu argitaratu ditu, “Dermatológicas” eta “Otros poemas” (Pamiela, Iruña, 1986) eta “Thriller” (Laida, Bilbao, 1990)

Perroantonio izenarekin “Te voy a hacer una autocritica. Diccionario para entender a los humanos” idatzi du (Trama Editorial, Madril, 2016), zeina bere lehenengo sarraldia den lexikografia atsegingarrian eta entsegu estalian.

Aurkezlea

Antonio Rivera. Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen 1990ean.

2002tik EHUko Historia Garaikideko Departamentuko katedratikoa da.

Eusko Legebiltzarreko parlamentarioa izan zen VIII. Legealdian (2005-2009; IX.ean ere hautatua izan zen) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea 2009-2012 urteen artean.

Liburuaren zertzelada batzuk hemen

 

 

 

 

Eibarko liburutegiko IEA 2016an 5,08 eurokoa inbertitutako euro bakoitzeko izan zen

Pasa den azaroan Estatuko Liburutegi Publikoen VIII. Kongresua izan zen eta bertan deigarria egin zitzaidan nafarrek aurkeztu zuten txosten bat: Liburutegien balioa, hau da, Nafarroako liburutegi-sistemak ematen dituen balio ekonomikoaren eta onura sozialen gaineko ikerlanaren emaitzak.

Haiek diseinatutako tresna praktiko bat erabilita, Eibarko liburutegiak orokorrean eskaintzen dituen zerbitzuen balio ekonomikoaren estimazioa atera dugu.

Eta estimazio horretatik ateratzen da Eibarko liburutegiko IEA (Itzulkin Ekonomikoaren Adierazlea) 5,08 eurokoa dela inbertitutako euro bakoitzeko. Xehetasun gehiago duzue aurkezten dugun txostenaren sarreran.

Gure liburutegian eskaintzen ditugun zerbitzuak herritarren gustukuak direla dirudi, pasa den urteko txostenaren datuak aztertzen baditugu.

2016an 121.365 bisita izan genituen, 392 pertsona egunean. Bisitari gehien arratsaldez bertaratzen da, baina goizeko ordutegian ere bisitari kopurua handia da (% 38).  

78.122 dokumentuk osatzen dute gure funtsa, hau da, 2,84 dokumentu biztanleko. Horien artean ez daude liburuak bakarrik, baizik eta DVDak, diskoak eta aldizkariak ere bai. 

Bestalde, liburutegian inskribatutako erabiltzaileak 11.736 izatera iritsi ziren, hau da, Eibarko biztanleriaren % 42,68.

Webgunera egindako bisitak

Webgunera egindako bisitei dagokienez, 2016an lortutako datuak ere pozik egoteko modukoak dira. Eibarko Udaleko Kultura micrositean dagoen Liburutegia atalean, 15.893 bisita erregistratu ziren gaztelaniazko orrian, eta sailik bisitatuenak hauek izan ziren: katalogoa, informazio orokorra, zerbitzuak eta erabilera, online zerbitzuak, ordutegia eta baliabideak Interneten. Euskarazko orrietara egindako bisitak 9.061 izan ziren, eta herritarren artean interes handiena eragin zuten sailak gaztelaniazkoan bisitatutakoen antzekoak izan ziren.

Orokorrean hartuta, bisitarien %60 inguru sartzen da Liburutegiko edukietara gaztelaniaz eta %40 inguru euskaraz.

Mailegua 

2016ko txostenak ematen digu datu positiboenetariko bat egindako mailegu kopurua izan da; izan ere, pasa den urtean 42.796 mailegu egin ziren, 147 egunean eta 2015ean baino 937 gehiago. Igoera hau umeen liburutegian egindako maileguek eragin dute, helduen liburutegian mailegu kopuruak behera egin du eta.

Mailegu digitalaren atalean, aldiz, Eibarko 299 erabiltzaileek 1.001 liburu deskargatu zituzten eliburutegiatik. Hori horrela, Eibar da zerbitzu honen bitartez deskarga gehien egiten dituzten hirien artean seigarrena; aurretik ditu Erkidegoko hiru hiriburuak, Getxo eta Azkuna Zentroa. Baina 1.000 biztanleko mailegu kopurua Euskadin datua hartzen badugu, Eibar dago buruan.

Liburutegitik aipatzen duten beste datu interesgarri bat da irakurzaletasuna bultzatzeko antolatzen diren hainbat jardueretan, 2.135 pertsonak hartu dutela parte urtean zehar. Jarduera horietako batzuk aipatzearren, “Zapatuko ipuina”; irakurketa-klubak, umeentzat eta helduentzat; hitzaldiak eta liburu-aurkezpenak; irakurketa saritzeko egiten diren zozketak; besteak beste.

Hona hemen 2016ko urteko txostena.  Udal-webguneko Kultura micrositean ere kontsultatzeko aukera duzue, gure webgunean.

 

Euskal literatura “erreskatatu” dugu Eibarko liburutegian

Eleberrien kokapena

Gure irakurle euskaldunek askotan eskatutako gauza zen: euskal literatura gaztelerazkotik bereiztea.

Kontuan izanda gaztelerazko produkzioa askoz handiagoa dela, euskal literatura “galduta” gelditzen zen apaletan. Hori dela eta, aurretik lan batzuk eginda (xahuketa, liburuen kokapena aldatu…) euskal literaturak badu orain bere tokia.

Hala eta guztiz ere, mantenduko dugu sarreran dugun erakustokia bertatik zerbait hartu eta modu bizkor batean liburu bat aukeratzen dutenentzako.