Kategoriaren artxiboa: Ekintzak

Irakurtzea plazerra da Eibarren, ezta?

Udal Liburutegiak aurtengo ikasturtean 10 irakurketa-talde antolatu eta kudeatu ditu; haietan 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute eta egindako saioetan 30 liburu baino gehiago irakurri dira.

Irakurtzea plazerra da”. Hori egiaztatu dute ikasturtean zehar Juan San Martin Liburutegian egin diren 10 irakurketa-taldeetan parte hartu duten 208 pertsonek. Pertsona horiek ikusi dute plazerrez irakur daitekeela eta irakurketaz gozatu, eta ez duela zertan aisialdian bete beharreko obligazio bat izan. Jarduera hori, gainera, parteka daiteke, antzeko kultur kezkak dituzten pertsonekiko elkarrizketa partekatzeko.

Liburutegiak lortu nahi dituen helburuak jarduera hau antolatzean hauxek dira: literaturan interesa duten pertsonen arteko harremanak sustatzea; aukeratutako liburuen gaineko komentario-trukea bultzatzea; irakurleei beren lan pertsonala aberasteko aukera ematea, saio bakoitzean egiten diren iruzkin eta balorazioekin, izan norberarenak, izan dinamizatzailearenak, liburu-egilerarenak edo beste klubeko kideanak; klubeko kideekin eta dinamizatzailearekin obra baten irakurketan sakontzea, sarri irakurtzeko orduan ihes egiten digun hori bilatuz; eta antzeko zaletasunak dituzten pertsonekin liburutegia ezagutaraztea topo egiteko gune bezala. Hitz batez, literatura baloratzen ikastea eta, parte hartzaile txikienekin egindako taldeen kasuan, kalitatezko haur-literatura ezagutzen hastea eta ipuinak modu ezberdinean kontatzen ikastea.

Saioen dinamika

Helduen saioen dinamika hauxe da:

  • Sarrera bat egiten da eta liburuaren testuingurua aurkezten da (egilea, garaia, egoera…)
  • Ondoren, liburuaren azterketa objektibo bat egiten da. Alegia, pertsonaiak, espazioa, denbora… aztertzen dira. Hori guztia oso modu intuitibo eta arinean. Helburua da liburua hobeto ezagutzea, ez azterketa akademiko bat egitea.
  • Gero, bloke subjektiboa lantzen da. Parte hartzaile bakoitzaren sentsazioak, haien iritzia pertsonaiez, liburuaz, autoreaz, erabili diren teknikez.. Klubeko kideen iritziak trukatzen dira. Laburbilduz, nahi dena da parte hartzea eta eztabaida lortzea.
  • Saioan liburuaren egilea dagoenean aberastu egiten da  eta haren ahoz entzuten da zein izan den prozesu sortzailea liburua idaztean.

1 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten 6 familia-taldeen dinamikari dagokionez, helburua da literaturara gerturatzea entzumen, ukimen, ikusmen, usaimen eta dastamenaren bidez.

Ipuin laburrak, poemak, hitz-jolasak… berreskuratzen dira eta liburuek eskain diezaguketen guztia aurkitzeko erabiltzen dira. Gainera, ahalegintzen gara irakurtzeko zaletasuna sustatzen eta, batez ere, familiei erakusten une dibertigarri eta aberasgarri bat izan daitekeela tarte bat izatea ipuinak irakurtzeko.

Talde horiek dinamizatzen dituen pertsona  Saroa Bikandi da. 

Liburuen irakurketa

Guztira, 32 liburu irakurri dira eta ipuin pila bat kontatu, 1 eta 6 urteko umeak dituzten familia-taldeetan.

Gu orduko haiek” (Garazi Arrula), “Ekaitza urrun” (Joanes Urkixo), “Oso” (Marian Engel), “Riomundo” (Jon Maia), batzuk aipatzearren, izan dira euskarazko eta gaztelaniazko helduen taldeetan irakurri diren liburuak; taldeen dinamizatzaileak Antxon Narbaiza eta Peru Magdalena izan dira, hurrenez hurren.

8 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartu duten bi taldeetan, 16 liburu irakurri dituzte eta liburu bat osatu dute ikasturtean landutako guztiarekin. “Mux munstroa” (Peio Añorga), “Frida” (Jonah Winter), “Pikondoaren balada” (Leire Bilbao) eta “Kulerozahar” (Xabier Mendiguren”) dira aurtengo saioetan landu dituzten liburuetako batzuk. Txomin Magdalena izan da gazte horien irakurketak —datorren urtean ere jarraitzea eskatu dutenak— gidatu dituena.

Egutegia urritik maiatzera bitartekoa izaten da, hilean ordubeteko saioetan.

Ikasturte amaieran jaso ditugun jarduera-balorazioei dagokienez, helduen kasuan, esperientzia oso aberasgarria eta positiboa izan da, eta oporren ondoren jarraitzeko gogoa adierazi dute.

Gazteen taldeek ere positibotzat jo dute esperientzia eta interesa azaldu dute hurrengo ikasturteetan jarraitzeko.

Familien taldeei balorazioei dagokienez, esan duten, komunikazio-gaitasuna lantzean, arlo horretan hobekuntza bat somatu dutela, eta baita beren seme-alabek gehiago baloratzen dituztela liburuak eta irakurketa-tarteak familian liburuez gozateko. Euskara indartzeko ere baliagarria izan da, jarduera euskaraz baita.

Irakurketa talde gehiago 

Udal Liburutegiak, aipatutako irakurketa-talde hauek antolatzeaz eta kudeatzeaz gain, herriko beste 6 irakurketa-talderi eskaintzen dizkie liburu-sortak: Pagatxa, Biztu, Litertxoko, Residencia San Andres Egoitza, Egogain Zentro Gerontologikoa (URTMS) eta AGIFES. Haietatik,  hiru irakurketa errazeko taldeak dira, alegia, irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dauden taldeak.

Microfísica sexista del poder liburuaren aurkezpena

Microfísica sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del terror sexual, liburuaren egilea Nerea Barjola Ramos da, politologoa eta feminismoetan eta generoan doktorea.

Egilearei Pikara Magazine aldizkariak egindako elkarrizketa ikusi nahi baduzu SAKATU HEMEN. 

Antolatzaileak: Juan San Martin Liburutegia eta Berdintasun Zerbitzua – Andretxea.

Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.


Azaroak 25, Indarkeria Matxisten Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, Juan San Martin Liburutegiak eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxeak elkarlanean irakurketa-gida argitaratu dute.

Gida honetan, Udal Liburutegian eta Andretxean dauden indarkeria matxistari buruzko liburuetako batzuk jasotzen dira.

Irakurketa-gidaren informazio gehiago ikusteko SAKATU HEMEN.

LGTBI Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna

Gaur, ekainak 28, LGTBI Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna (Lesbianak, Gayak, Transexual-Trangeneroak, Bisexual eta Intersexualak) ospatzen da.

1969ko ekainaren 28an hain zuzen ere Stonewallen (New Yorken) gertatutako gatazken ondorioz hasi zen askapen gay eta lesbianoren mugimendua.

Harrosatun gay (ingelesez gay pride) kontzeptua erabiltzen da aldarrikatzeko pertsona bat ez dela bere orientazio sexuala, identitate sexuala edo sexuz lotsatu behar.

Liburutegian gai honi buruzko interesgune bat jarri dugu eta bertan jaso dugun liburu eta DVDen gida hau prestatu dugu.

 

Silvia Zuluagaren “¡A dieta! En la vida real” liburuaren aurkezpena

Maiatzaren 28an Nutrizioaren Munduko Eguna da. Aproposa ikusi dugu, beraz, liburu honen aurkezpena egitea.

Silvia Zuluaga

Eibartarra, iruindarra eta donostiarra. Eibarren jaio zen eta 11 urte bete baino lehenago Iruñera joan zen bizitzera bere familiarekin. Medikuntza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Bordeleko Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, non Dietetika eta Elikagaien Higienea Unibertsitateko Diploma lortu ahal izateko graduondoko bi ikastaroak egin zituen. Donostian jarri zen bizitzen, bere uda garaiko hirian. Bere bizitza profesionalaren hasieran Osakidetzako Mediku Orokorreko lana Osasunbideko Dietetika eta Nutrizioa kontsultarekin uztartu zituen. Lehenengo Donostian zabaldu zuen kontsulta, hurrengo urtean Eibarren eta orain dela 3 urte Irunen. Haren lana honetan datza: pazienteei hobeto jaten erakustea eta argaltzen laguntzea.

Orain dela 3 urte blog bat sortzea erabaki zuen eta bertan elikadura eta pisuari buruzko artikuluak idazten ditu. Hori da iristen zaigun kontraesanezko informazio guztiaren aurrean bere harri-koskorra ekartzea. Eta blogeko artikuluetatik “¡A dieta! En la vida real” nobelara salto egiten du.

Nobela

“¡A dieta! En la vida real” nobelak argaltzeko dieten gaia tratatzen du, baina modu arinean, dibertigarrian, entretenigarrian eta desmitifikatzailean.

Protagonistak bere argaltze prozesuan pasatako zorioneko eta zoritxarrekoak kontatzen ditu; denoi oso ezagunak egingo zaizkigun egoerak izango dira. Eguneroko egoerak, batzuetan dibertigarriak, beste batzuetan deseroso samarrak, baina XXI. mendean bizi den edozeinentzat ohikoak direnak, non tentazioak edonon ditugun, baita espero ez dugun tokietan ere. Egiazko bizitza horrelakoa da!

Pertsonaiak ezagunak egiten zaizkigu; eta erraza zaigu haiekin identifikatzea nobelan deskribatzen diren portaera batzuetan, izan emakumea edo gizona.

Idazleak lengoaia erraza, argia eta teknizismorik gabekoa erabiltzen du, errealitatearen isla erakusteko.

Ez da dieta edo errezeta liburu bat. Ez da tratatu zientifikoa ezta gaiari buruzko ikerketa ere. Dieta egiten dagoena, bere pisuaren kontrola daramana edo elikadurarekin arduratuta dagoen edonor irakurri beharko lukeen liburua da.

 

Zapatuko ipuina: Yogipuinak

Zapatu honetan Maite Arrese kontalaria dator gure liburutegira saio berezi batekin: Yogipuinak

BATASUNA da YOGA hitzak esan nahi duena. YOGAk ETA IPUIN​ek​ ​”bat” ​egiten dute publiko familiarrari zuzendutako​ saio honetan.

Saioari hasiera emateko YOGA zer den azaltzen diet haur zein helduei doi-doi, eta segidan, ​​ipuin pare bat kontatzen ditut. Aurrera eginez, ipuinak baliatuko ditugu yogako “asana” (jarrera) desberdinak egiteko: arnasketa gogoan hartuz, emozio desberdinei erreparatuz, eta nola ez, muskuluak eta artikulazioak landuz.

Saioaren amaieran, erlaxazio ​labur bat eta azken ipuina, desioen inguruan… eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila EIBARko liburutegian.​

YOGA + IPUINAK = YOGIPUINAK. ​Zeure b​arrenera eroango zaituzten ipuinak

Andersen Komikian lehiaketako Eibarko irabazleak

Baditugu Andersen komikian lehiaketaren Eibarko irabazleak ezagutu nahi dituzu?

Lehen irakurkeak (1,2,3 maila)

Akram Lanri (Arrateko Andra Mari)

Irakurle aurreratuak (4,5,6 maila)

Patxi Basaras, Luken Blanco eta Peru Blanco (taldea, J.A. Mogel)

Sariak datorren maiatzaren 3an, osteguna, arratsaldeko 5:30etan banatuko ditugu,  umeen liburutegian noski.

Lan asko eta oso politak jaso ditugu, hauetatik hauek aurkeratu ditugu OEPLIko lehiaketan Eibarko liburutegia ordezkatzeko:

Lehen irakurleak (1, 2 eta 3. Maila)

  1. Akram Lanri
  2. Itziar Eiriz Vila
  3. Lur Arriola, Nora Navajas (taldea)
  4. Iraia Santos Pagei
  5. Nerea Diez Prol
  6.  Koldo Pintado Herrero

Irakurle aurreratuak (4,5,6. Maila)

  1. Patxi Basaras, Luken Blanco eta Peru Blanco (Taldea)
  2. Jon Díez Prol
  3. Amaia Basterrika Urzelai
  4. Izaro Alzaga, Ariane Arrizabalaga (taldea)
  5. Elene Arrazola Amiano
  6. Alaitz Sanz Urzelai
  7. Markel Echaide

ZORIONAK!!! GUZTIOI ETA ESKERRIK ASKO PARTE HARTZEAGATIK!

Lan guztiak ikusgai dituzue Umeen liburutegian eta bide batez ez galdu prestatu dugun komikien interesgunea

Amodiozko ipuinak: helduentzako ipuin musikatuak

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu nahian ipuin emanaldi berezi bat egingo dugu helduentzat.

Apirilaren 25ean izango da, arratsaldeko 7etan, Liburutegian bertan.

Saioa irekia da, beraz, hurbildu nahi zaretenok gonbidatuta zaudete.


Emakume Eskeletoak (Maite Arrese, ipuinak; Mau Ziemkiewicz, biolina) bikotearen eskutik izango da emanaldi hau.

Maite Arrese. Beasain, 1967. Kazetaritza ikasketak egin zituen. Antzerki eta telebista munduan ibilitakoa, gaur egun ipuin kontalaria eta yoga irakaslea da.  

Mau Ziemkiewicz. Mau-k goi mailako ikasketak egin zituen Varsoviako Chopin Akademian. Ondoren postgraduado bat ikasi zuen Londres-ko Royal Academy-an. Bertan aintzinako musikan espezializatu zen. Gaur egun Donostian bizi da eta musikari profesional, biolin-biola irakasle eta musika-terapia lanetan ari da.


AMODIOZKO IPUINAK titulupean bildutako ipuin sorta eskainiko dute. Saioa ELEBIDUNA izango da. Hala ipuin bi euskaraz eta beste biak gazteleraz eskainiko dituzte, betiere musikaz lagundurik.

Maitasunaren inguruko ipuinak dira guztiak, kontuan hartuz Mendebaldeko kulturaren ikuspuntua. Hala bada, lau maitasun mota desberdin bereizten dira: FILIA, EROS, LIBIDO eta AGAPE. Lau maitasun mota hauek nahastu egiten dira esperientzia autentikoak bizitzen diren aldiro, baina proportzio desberdinetan.

Hauexek dira maitasun mota desberdinak islatzeko aukeratutako ipuinak:

  • Clarissa Pínkola Estések idatzitako “Otsoekin korrika dabiltzan emakumeak” liburutik ateratako ipuina: FOKA-LARRU, ARIMA-NARRU. Hau euskaraz eskainiko da.
  • ANA MARIA MATUTEren LA RAMA SECA. Gazteleraz eskainiko da.
  • ARALARKO KONDAIRA ZAHARRA. Elezaharrean oinarritutako kondaira. VIII. mendearen hasieran gertatutakoa. Euskaraz eskainiko da.
  • Clarissa Pínkola Estések idatzitako “Otsoekin korrika dabiltzan emakumeak” liburutik ateratako ipuina: EMAKUME ESKELETOA. Gazteleraz eskainiko da.

 

“Liburu tolesgarria” tailerra

Badakizu apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna dela?

Hori dela eta, hainbat gauza antolatu ditugu zuretzat Umeen Liburutegian.

Lehenengoarekin nator gaur zuregana. Apuntatu zure agendan tailer honen datuak:

Apirilak 5, 11:00 – 13:00. Umeen Liburutegian

Derrigorrezkoa izena ematea da. Horretarako etor zaitez liburutegira martxoaren 12tik apirilaren 3ra eta bertan emango dizugun inprimakia bete ezazu.

Tailer honetan liburu txiki bat egingo duzue. Zabaltzean, akordeoi moduan tolestutako orri luze bat agertuko da, alde batetik poltsiko moduko tolesdura bat izango duena. Orri horren alde batean ipuin batzuen hasierak txertatuko dituzue eta bakoitzak amaiera bat emango dio.

Itxura ona dauka tailerrak, ezta? Ba antxitxiketan etorri apuntatzera!!