Kategoriaren artxiboa: Irakurketa kluba

Irakurtzea plazerra da Eibarren, ezta?

Udal Liburutegiak aurtengo ikasturtean 10 irakurketa-talde antolatu eta kudeatu ditu; haietan 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute eta egindako saioetan 30 liburu baino gehiago irakurri dira.

Irakurtzea plazerra da”. Hori egiaztatu dute ikasturtean zehar Juan San Martin Liburutegian egin diren 10 irakurketa-taldeetan parte hartu duten 208 pertsonek. Pertsona horiek ikusi dute plazerrez irakur daitekeela eta irakurketaz gozatu, eta ez duela zertan aisialdian bete beharreko obligazio bat izan. Jarduera hori, gainera, parteka daiteke, antzeko kultur kezkak dituzten pertsonekiko elkarrizketa partekatzeko.

Liburutegiak lortu nahi dituen helburuak jarduera hau antolatzean hauxek dira: literaturan interesa duten pertsonen arteko harremanak sustatzea; aukeratutako liburuen gaineko komentario-trukea bultzatzea; irakurleei beren lan pertsonala aberasteko aukera ematea, saio bakoitzean egiten diren iruzkin eta balorazioekin, izan norberarenak, izan dinamizatzailearenak, liburu-egilerarenak edo beste klubeko kideanak; klubeko kideekin eta dinamizatzailearekin obra baten irakurketan sakontzea, sarri irakurtzeko orduan ihes egiten digun hori bilatuz; eta antzeko zaletasunak dituzten pertsonekin liburutegia ezagutaraztea topo egiteko gune bezala. Hitz batez, literatura baloratzen ikastea eta, parte hartzaile txikienekin egindako taldeen kasuan, kalitatezko haur-literatura ezagutzen hastea eta ipuinak modu ezberdinean kontatzen ikastea.

Saioen dinamika

Helduen saioen dinamika hauxe da:

  • Sarrera bat egiten da eta liburuaren testuingurua aurkezten da (egilea, garaia, egoera…)
  • Ondoren, liburuaren azterketa objektibo bat egiten da. Alegia, pertsonaiak, espazioa, denbora… aztertzen dira. Hori guztia oso modu intuitibo eta arinean. Helburua da liburua hobeto ezagutzea, ez azterketa akademiko bat egitea.
  • Gero, bloke subjektiboa lantzen da. Parte hartzaile bakoitzaren sentsazioak, haien iritzia pertsonaiez, liburuaz, autoreaz, erabili diren teknikez.. Klubeko kideen iritziak trukatzen dira. Laburbilduz, nahi dena da parte hartzea eta eztabaida lortzea.
  • Saioan liburuaren egilea dagoenean aberastu egiten da  eta haren ahoz entzuten da zein izan den prozesu sortzailea liburua idaztean.

1 eta 6 urte bitarteko umeak dituzten 6 familia-taldeen dinamikari dagokionez, helburua da literaturara gerturatzea entzumen, ukimen, ikusmen, usaimen eta dastamenaren bidez.

Ipuin laburrak, poemak, hitz-jolasak… berreskuratzen dira eta liburuek eskain diezaguketen guztia aurkitzeko erabiltzen dira. Gainera, ahalegintzen gara irakurtzeko zaletasuna sustatzen eta, batez ere, familiei erakusten une dibertigarri eta aberasgarri bat izan daitekeela tarte bat izatea ipuinak irakurtzeko.

Talde horiek dinamizatzen dituen pertsona  Saroa Bikandi da. 

Liburuen irakurketa

Guztira, 32 liburu irakurri dira eta ipuin pila bat kontatu, 1 eta 6 urteko umeak dituzten familia-taldeetan.

Gu orduko haiek” (Garazi Arrula), “Ekaitza urrun” (Joanes Urkixo), “Oso” (Marian Engel), “Riomundo” (Jon Maia), batzuk aipatzearren, izan dira euskarazko eta gaztelaniazko helduen taldeetan irakurri diren liburuak; taldeen dinamizatzaileak Antxon Narbaiza eta Peru Magdalena izan dira, hurrenez hurren.

8 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartu duten bi taldeetan, 16 liburu irakurri dituzte eta liburu bat osatu dute ikasturtean landutako guztiarekin. “Mux munstroa” (Peio Añorga), “Frida” (Jonah Winter), “Pikondoaren balada” (Leire Bilbao) eta “Kulerozahar” (Xabier Mendiguren”) dira aurtengo saioetan landu dituzten liburuetako batzuk. Txomin Magdalena izan da gazte horien irakurketak —datorren urtean ere jarraitzea eskatu dutenak— gidatu dituena.

Egutegia urritik maiatzera bitartekoa izaten da, hilean ordubeteko saioetan.

Ikasturte amaieran jaso ditugun jarduera-balorazioei dagokienez, helduen kasuan, esperientzia oso aberasgarria eta positiboa izan da, eta oporren ondoren jarraitzeko gogoa adierazi dute.

Gazteen taldeek ere positibotzat jo dute esperientzia eta interesa azaldu dute hurrengo ikasturteetan jarraitzeko.

Familien taldeei balorazioei dagokienez, esan duten, komunikazio-gaitasuna lantzean, arlo horretan hobekuntza bat somatu dutela, eta baita beren seme-alabek gehiago baloratzen dituztela liburuak eta irakurketa-tarteak familian liburuez gozateko. Euskara indartzeko ere baliagarria izan da, jarduera euskaraz baita.

Irakurketa talde gehiago 

Udal Liburutegiak, aipatutako irakurketa-talde hauek antolatzeaz eta kudeatzeaz gain, herriko beste 6 irakurketa-talderi eskaintzen dizkie liburu-sortak: Pagatxa, Biztu, Litertxoko, Residencia San Andres Egoitza, Egogain Zentro Gerontologikoa (URTMS) eta AGIFES. Haietatik,  hiru irakurketa errazeko taldeak dira, alegia, irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dauden taldeak.

Irakurketa klubetan izena emateko epea zabalik

 

Hasi dira Eibarko Juan San Martin liburutegiko irakurketa klubetan izena-emateko epea. Adin guztierako klubak ditugu, aukeratu zurea eta animatu zaitez! zure zain gaude.

Idazlearekin harixa emoten: Helduentzako, Euskaraz. Izen-ematea irailaren 7ra arte.

Helduen irakurketa kluba: Helduentzako, Gaztelaniaz. Izen-ematea irailaren 14ra arte.

Azalerako ipuinak: 1,2,3 urte. Euskaraz. Izen-ematea irailaren 21era arte.

Liburuen poltsa: 4 eta 5 urteko gelak. LH 1 eta 2 mailak. Izen-ematea irailaren 21era arte.

Paperezko hegoak: LH. 3, 4, 5 , 6 mailak. Izen-ematea irailaren 21era arte.

Informazio gehiago:  https://www.eibar.eus/eu/kultura

Juanjo Olasagarrerekin “harixa emoten”

Otsailaren 6an, arratsaldeko 7etan, “Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen beste saio bat izango dugu. Saioa Portaleko 1. pisuko 3. Batzartokian izango da.

Juanjo Olasagarre bertan egongo da Poz aldrebesa nobelari buruz berba egiteko. Aukera izango dugu saioan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Hemen uzten dugu Antxon Narbaizak egindako iruzkina.

IDAZLEA

Juanjo Olasagarre Arbizun jaio zen 1963an. Donostian psikologia-ikasketak euskaraz egin zituen lehenengo promozioko ikaslea izan zen. Lizentziatu zenez geroztik euskara eta hizkuntza irakastea ditu ogibide, bigarren hezkuntzan. Euskaltegi eta barnetegietan ere jardun zuen irakasle 1980ko hamarkadan.

Hainbat hedabidetan kolaboratu izan du, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria eta Deia egunkarietan, edo Argia astekarian. 2005etik sarean argitaratzen den Volgako Batelariak literatura aldizkariko partaide da, gaurko literaturaren inguruko kritika eta artikuluak plazaratu izan ditu bertan.

“POZ ALDREBESA” ELEBERRIA

Bi gizonezkoren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du Juanjo Olasagarrek bere hirugarren nobelan: amodioa, lagunartea, politika.

Telebistako kazetaria da Axi Iminizaldu eta Boletin Ofizialaren itzultzailea Joseba Aldaz. Hemeretzi urte daramatzate bikote izaten. Bilboko jatetxe batean afaltzen ari dira, Josebak esan duenean: “Azken boladan zerbait falta zaigu”; Axik bizkor erantzun du: “Boladak izaten dira sexu askokoak eta sexu gutxikoak”; Josebak bota dio: “Orduan kanpoan maiz larru jotzen ari zara?”.

Fideltasunaren eta leialtasunaren arteko aldea bereiztea ez da hain zaila. Edozeinek  egin dezake akordio argi bat kontu horri buruz. Baina gero ez da erraza izaten ardura etikoak eta portaera praktikoak beti bat etortzea. Egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegia bilaka liteke une kritikoren batean.

Bakeak egitea da istorio honen asmoa, ez minaren eta haserrearen aurrean mendekua hartzea.

 

Jose Inazio Basterretxearekin “harixa emoten”

Urtarrilaren 9an, arratsaldeko 7etan, hitzordua dute irakurzaleek Portalean.

Jose Inazio Basterretxea etorriko da Begoñaren itzalpean nobelari buruz berba egitera. Aukera izango dugu saioan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Hemen uzten dugu Antxon Narbaizak egindako iruzkina.

Sinopsia:

36ko gerrak irabazle eta galtzaileak izan zituen; baina galtzaile guztiak ez ziren berdinak, ezta irabazle guztiak elkarren adiskideak ere. Franco epelegia zelakoan, nazien laguntzaz iraultza egin nahi zuten falangista bilbotar batzuen istorio ezkutua dakarkigu Jose Inazio Basterretxeak, gerrako eta gerraosteko pasadizo ezezagunak fikzionatzeko bere eleberri-sortari jarraipena emanez.

Horrekin batera, 1986an, 40 urte baino gehiago igarota, Suitzatik datorren emakume eder eta misteriotsu bat agertzen da detektibe pribatu bilbotar baten bulegoan, bere gurasoak nor ziren jakin nahi duela-eta.

Bi hari horiek uztartuz, kontakizun bizi bat ondu du egileak, noiz umoretsu noiz sentsuala, historiaren alderik ilunenak argituz eta bizitzarekiko maitasun-taupadak transmitituz.

Irakurketa klubetan izena emateko epea zabalik

HARIXA EMOTEN, EUSKARAZKO IRAKURLE TALDEA

Azalpena eta helburuak: Jarduera honetan, idazleak bere liburua irakurri duten irakurleei haren gaineko ideiak, esperientziak eta bizipenak elkartrukatzeko aukera eskainiko die, aurrez aurreko solasaldien bitartez.

Antxon Narbaizaren laguntza izango dugu ere liburuaren mamia ateratzeko. …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean egingo dira saioak.

Saio bakoitzeko 20 liburu lortzeko konpromesua hartzen du Liburutegiak. Liburu hauek partaideen eskaeren ordenaren arabera banatzen joango dira.

Izen-ematea: Irailaren 1etik 7ra, Liburutegian (bertan, telefonoz edo emailez).

Hartzaileak: 16 urtetik gorakoak.

Non eta noiz: Portalean, hilero. Urriaren 3an hasiko da. Miren Gorrotxategiren “33 ezkil” liburua aztertuko da egun horretan. Idazleak parte hartuko du saioan.

Egutegia: Hilean behin, astearteetan. Ordutegia: 19:00 – 20:00

Jardueraren prezioa: Dohainik. Saioetara etortzeko konpromisoa eskatzen da behin izena emanez gero.

Euskaraz

GAZTELERAZKO IRAKURKETA KLUBA

Aldez aurretik aukeratutako liburuez jarduteko saioak hilero. Saioak Peru Magdalenak koordinatu eta dinamizatuko ditu, eta partehartzaileei liburuak irakurtzeko aholku eta jarraibideak emango dizkie.

Helburua:

  • Literaturan interesaturik dauden pertsonen harremana sustatu
  • Aukeratutako liburuei buruzko iruzkinak sustatu
  • Aukera eman irakurleei bere lan pertsonala iruzkinekin, balorazioekin, etab. aberasteko, bai propioak direnak, dinamizatzailearenak edo klubaren beste partaide batzuenak.
  • Dinamizatzaile eta klubaren beste kideen laguntzaz obraren irakurketa sakona egin, irakurtzerakoan askotan alde egiten gaituena bilatuz.

Saio bakoitzeko 20 liburu lortzeko konpromesua hartzen du Liburutegiak. Liburu hauek partaideen eskaeren ordenaren arabera banatzen joango dira.

Izen-ematea: Irailaren 1etik 15era, Liburutegian (bertan, telefonoz edo emailez).

Hartzaileak: 16 urtetik gorakoak.

Non eta noiz: Liburutegian, hilero. Urriaren 10ean hasiko da, bi obra hauek komentatzeko: Chekhov, La dama del perrito eta Tolstoi, ¿Cuánta tierra necesita un hombre?

Egutegia: Hilean behin, astearteetan. Ordutegia: 19:00 – 20:00

Jardueraren prezioa: Dohainik. Saioetara etortzeko konpromisoa eskatzen da behin izena emanez gero.

Gazteleraz

Liburuen poltsa: izen-ematea

IMG_0847[1]

Helburua:

Irakurketa kluba suspertzea irakurzaletasuna eta liburuekiko atxikimendua sortzeko ahaleginak egiten, jokoen eta dinamiken bitartez, umeen nahiak, interesak eta fantasia pertsonalak abiaburutzat hartuta.

Norentzat: Bi talde egingo dira:

1, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelak, amak edo aitak lagunduta.

2, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeak, amak edo aitak lagunduta.

Non eta noiz: Umeen Liburutegian, urriak 2, azaroak 13, abenduak 11, urtarrilak 22, otsailak 19, martxoak 5, apirilak 9 eta maiatzak 7.

Nork emango du: Saroa Bikandi

Ordutegia:

Lehenengo taldea 18:00 – 19:00

Bigarren taldea: 19:00 – 20:00

Ikastaroaren hizkuntza: euskara.

Izen-ematea: Liburutegian, irailaren 1etik 22ra. 12 ume baino gehiagok izena ematen badute talde bakoitzean, zozketa egingo da.