Silvia Zuluagaren “¡A dieta! En la vida real” liburuaren aurkezpena

Maiatzaren 28an Nutrizioaren Munduko Eguna da. Aproposa ikusi dugu, beraz, liburu honen aurkezpena egitea.

Silvia Zuluaga

Eibartarra, iruindarra eta donostiarra. Eibarren jaio zen eta 11 urte bete baino lehenago Iruñera joan zen bizitzera bere familiarekin. Medikuntza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Bordeleko Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, non Dietetika eta Elikagaien Higienea Unibertsitateko Diploma lortu ahal izateko graduondoko bi ikastaroak egin zituen. Donostian jarri zen bizitzen, bere uda garaiko hirian. Bere bizitza profesionalaren hasieran Osakidetzako Mediku Orokorreko lana Osasunbideko Dietetika eta Nutrizioa kontsultarekin uztartu zituen. Lehenengo Donostian zabaldu zuen kontsulta, hurrengo urtean Eibarren eta orain dela 3 urte Irunen. Haren lana honetan datza: pazienteei hobeto jaten erakustea eta argaltzen laguntzea.

Orain dela 3 urte blog bat sortzea erabaki zuen eta bertan elikadura eta pisuari buruzko artikuluak idazten ditu. Hori da iristen zaigun kontraesanezko informazio guztiaren aurrean bere harri-koskorra ekartzea. Eta blogeko artikuluetatik “¡A dieta! En la vida real” nobelara salto egiten du.

Nobela

“¡A dieta! En la vida real” nobelak argaltzeko dieten gaia tratatzen du, baina modu arinean, dibertigarrian, entretenigarrian eta desmitifikatzailean.

Protagonistak bere argaltze prozesuan pasatako zorioneko eta zoritxarrekoak kontatzen ditu; denoi oso ezagunak egingo zaizkigun egoerak izango dira. Eguneroko egoerak, batzuetan dibertigarriak, beste batzuetan deseroso samarrak, baina XXI. mendean bizi den edozeinentzat ohikoak direnak, non tentazioak edonon ditugun, baita espero ez dugun tokietan ere. Egiazko bizitza horrelakoa da!

Pertsonaiak ezagunak egiten zaizkigu; eta erraza zaigu haiekin identifikatzea nobelan deskribatzen diren portaera batzuetan, izan emakumea edo gizona.

Idazleak lengoaia erraza, argia eta teknizismorik gabekoa erabiltzen du, errealitatearen isla erakusteko.

Ez da dieta edo errezeta liburu bat. Ez da tratatu zientifikoa ezta gaiari buruzko ikerketa ere. Dieta egiten dagoena, bere pisuaren kontrola daramana edo elikadurarekin arduratuta dagoen edonor irakurri beharko lukeen liburua da.