Kristalezko begi bat-ek kritikoen arreta bereganatu zuen. Hauexek esandako batzuk (badaude eta gehiago!):

Hasier Etxeberria, Zu Zeu: “Nik dakidala, sekula ez da ikusi halakorik gurean. Ez ar eta ez eme, boligrafoa eskutan harturik, edo idazmakina edota ordenadorea, halako aitortza handirik eta egiazkorik egiten. Eta, batez ere, halako indar eta abildadearekin transmititzen. Hain eder, hain gordin.”

Katixa Agirre, Gaur8: “Izoztuta uzten zaituen lehenengo kapitulu labur batekin zabaltzen da Miren Agur Meaberen liburua: bere bizitza markatu duten galerak zerrendatuz, labur eta soil”.

Ibon Egaña, Deia: “Nik neuk narrazioari tarte gehixeago eskaini ez izana bota dut faltan, eta inpresioa dut batzuetan azkarregi egiten dela kontatzetik kontatutakoaren gaineko hausnarketarako jauzia. Aitzitik, bereziki estimatzen diot liburuari, ausardiarekin batera, material gordin eta pertsonal batetik literatura egiteko prozesuaren erradiografia hain zorrotza eskaini izana”.

Javier Rojo, Diario Vasco: “Irakurleri liburuaren izaeraz dudak sortuko zaizkiola iruditzen zait. Izan ere, liburuaren kontrazalean nobelatzat definitzen dute liburua, baina irakurleari berehala irudituko zaio hitzen jabea den ahots hori ez dagokiola fikziozko izakiren bati, idazleari berari baizik”

Iban Zaldua: “Ba, iritzi orokorraren kontra, ez zait sobera gustatu. (…) Badaude pasarte batzuk ondo, are oso ondo ematen dutenak: aitarekikoak egiten dituenean, adibidez, asko gustatu zait (‘Zorroztea, ahoberritzea’ atala, adibidez). Hor di-da doa egilea, hezurrera, eta oso eraginkorra da. Baina halakoak salbuespenak dira. Nire ustez lirikotasuna gailentzen da, txarrerako, liburuan, batzuetan arazeriaren mugetara iritsiz”.

Beñat Sarasola: “Kontaketa gupidagabea iruditzen zait, hots, bere buruarekiko benetan gupidagabea, artifiziorako joerarik gabea”.

Lander Garro, Berria: “Liburuaren premisak bi dira: zintzotasuna eta estiloa. Idazleak badaki zer kontatu behar duen, ezin hobeto ezagutzen du gaia (Madame Bovary, c’est moi), eta ezagutzen du idazle ofizioa”.

Iraitz Ugalde, Gaztezulo: “Adin arriskutsuan” dagoen emakumea. Eskarmentuaren eta soseguaren lumaz. Lehen pertsonan. Ausart eta dotoreziaz biluztu da Miren Agur Meabe autofikziozko nobela honetan. Pasarte labur eta mamitsuetan aizto zorrotzaz disekzionatzen du bere pertsona(ia)ren iragana, eta kristalezko begiaren bueltan eraikitzen zenbait gogoeta, begia baitu bidelagun, firma eta bere horretan, bizitzan zehar galdutako gauzen metafora”.