Vladimir Holanen poema batekin hasten da Goizalde Landabasoren Babeserako kopia, Ana Isabel Moralesek -gure lagun zaharra!- euskara ekarria:

“Igandez euria denean eta zu bakarrik

eta lapurrik ere ez zure etxe irekira

ez mozkorrik ez etsairik zuri ate joka;

Igandez euria denean eta zu abandonaturik

gorputzik gabe nola bizi asmatu ezinik

edo zelan ez bizi, gorputz zarelarik;

Igandez euria denean eta zu zeuretara,

zeure buruarekin, arren, ez hasi berbetan.

Aingeruak baino ez daki zer dagoen goian

eta deabruak baino ez daki zer dagoen behean.

Liburu bat gatibu, poema bat askatzear”

Vladimir Holan poeta txekiarra gurera ekarrita hasiko dugu guk ere Babeserako kopia-ri zuku ateratzea ere.

Poeta txekiarrak (Praga, 1905-1980) 21 urterekin argitaratu zuen bere lehenengo poema-liburua. 1930ean, Italiara egindako bidaia baten ostean, bigarren poema-liburua argitaratu zuen, Mallarméren eragin nabarmenarekin. Abanguardista izan zen bere idazteko moduan, bai poesian eta baita prosan ere (1932an argitaratu zuen lehen lana, Kolory).

Ogibidez, Zivot aldizkariko erredaktorea izan zen. Luis de Gongoraren Polifermo eta Galatea txekierara itzuli zuen Vaclav Cerny hispanistaren laguntzarekin eta 1938tik aurrera, Hitler eta nazismoaren eraginez, poesia konprometitura jo zuen.

1944tik aurrera, bizitza sozialetik erretiratu zen eta Pragako Kampa auzora mugatu zuen bere bizimodua. Ordua hasi zen mito bihurtzen, eta ordutik aurrerakoak dira maisulantzat hartzen diren bere obrak. Bere azken lana, hil ondorenean argitaratu zuten, 1981ean.

Pragako Kampa auzoa

Pragako Kampa auzoa