Aingeru Epaltzak fin erantzun du erakurleon testa. Mila esker!

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

39 idazle nafar, hainbaten artekoa; Libertitzeaz, Antton Lukurena; Estambul era un cuento, Mario Levirena, eta Demagun ehun urte barru, Anjel Lertxundirena.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Luzea da nire gorrotoen zerrenda. John Kennedy, La conjura de los necios idatzi zuelako. Edo, Mario Vargas Llosa, La guerra del fin del mundo ontzeagatik. Edo, Alfredo Bryce Echenique, La vida exajerada de Martín Romaña-ren egilea baita, eta ez ni. Bertzeak bertze.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Prospektoren bat, gehienez.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Halako egoeretarako arreta handi-handia eskatzen ez dizuten liburuak nahiago. Lehengo egunean, konparaziorako, Joxean Agirreren Gizajoen katalogoa bukatu nuen Hendaian. Joan den abuztuan, berriz, Atlasen ibili nintzen eta Philip Kerr-en Unos por otros nobela beltza irentsi nuen lepoz lepo.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Lotsa ematen dit aitortzeak, nirea baita. Tigre ehizan nobela.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Obabakoak, Atxagarena.

Ze abesti da literatura?

Ruperri aditu. Edo Imanol zenari. Edo Anariri. Edo Mursegori. Horixe literatura.

Nori emango zenioke Nobel saria?

John Irving estatubatuarrari. Edo Yasmina Khadra arjeliarrari.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

El rey del mar, Emilio Salgarirena.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Luis Berrizbeitiaren Zoperna jenerala. Miren Agur Meaberen Azalaren kodea. Luis Garderen Eremuen birkalifikatzea.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Gero eta gehiago. Erran bezala, Lukuren Libertitzeaz dut orain mahai ondoan. Kepa Altonagaren Back to Leizarraga irakurri dut berrikitan. El Mar Negro, Neal Aschersonena ere, duela zenbait hilabete.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Migraciones, Milos Cernianskirena. Ederki aspertu ninduen.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

El cantar del Mío Cid.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Nahiago izaten dut ez gomendatu, baina gomendatzekotan, irakurri ditudan azkenetarik izaten da.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Zergatik ez? Baina lehenbizi, konfidantzazko irakurleen bahea pasa ondoren.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Liburu dendan sartuta, eta apalez apal ezker eta eskuin ibili ondoan. Eskutan hartutzen ditut, azala begiztatu, kontrazala irakurri, eta dendariari aholkua eskatzen diot batzuetan.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Bob Dylanek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Bolañoren 2666.