Hilabete honetan, Ana Isabel Morales itzultzaileak erantzun digu e-testa!

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Poesia ingeleseko bi antologia: A Pocket Book of Modern Verse eta Immortal Poems of The English Language (batzuentzat anatema dira, baina niri asko gustatzen zaizkit antologiak) eta entseiu bat, gaztelaniara itzulia: Dietrich Schwanitz-en La cultura. Horiek dira, literalki, mesanotxean dauzkadanak, epe luzean zehar tarteka irakurtzen ditudanak, ohean. “Murgilduta” nagoen unean uneko irakurgaiak, berriz, aldean eramaten ditut (poltsan sartuta busean-eta  irakurtzeko, edo gela batetik bestera, etxean nagoenean), ahal izanez gero liburu elektronikoan.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Kar-kar-kar, inor ere ez. Testu asko daude nik neuk idatzi izana gurako nukeenak, baina horrek ez dit gorrotorik sortzen, idazlearekiko maitemina baino. M. R. Jamesen istorioak, Alice Munrorenak, D. F. Wallaceren Infinite Jest, Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia, Atxagaren Obabakoak, Percival Everetten “The Appropiation of Cultures” edo Erasure nobela, autore berarena… Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez ipuin bilduma… Asko dira. Baina gorrotoa barik, liburu horiek itzultzeko gogoa da sortzen zaidana. Automatikoa da.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Irakurtzen ari naizen kasuan kasuko liburua, edo Twitterreko txioak ipodean.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Unean-unean esku artean daukadan liburua. Baina toki horietan sarri egiten dudana literatur podkastak entzutea da, narrazioen irakurketa dramatizatuak: The Classic Tales Podcast, The New Yorker Fiction edo Selected Shorts.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Ba ez nago ziur, baina agian Obabakoak. Bai esan ahal dut zein den gehien oparitu didatena: Queneau-ren Estilo ariketak. Lau aldiz daukat: lehenik, neuk erosi nuen, eta gero beste hiru aldiz oparitu didate.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Ezin dut erantzun. Liburu inportante asko dauzkat oraindik irakurtzeke.

Ze abesti da literatura?

Ez dakit ba. Agian Like a Rolling Stone, “how does it feel?” horregatik. Beste batzuen azalean nolabait jartzeko era ematen dizulako eta, espero dezagun, autokonplazentzia pixka bat galtzeko.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Ui, ez dakit.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Asko gustatu zitzaidan Amaigabeko istorioa (nik gaztelaniaz irakurri nuen), eta Bosten liburuak: irentsi egiten nituen. Nerabe nintzenean Eraztunen jaunarekin maitemindu nintzen. Orain, berriz, ez zait batere interesatzen, kar-kar.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Joseba Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak. Bilduma zoragarri horri esker irakurri nituen lehen aldiz poeta asko.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, oraintxe bertan Tartaro. Mina, boterea eta egia irakurtzen ari naiz.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

El Alquimista, Coelhorena.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Ba ez daukat gogoan ezer gorrotatzera heldu nintzenik, baina adibidez Machadoren Campos de Castilla poema liburuak oso hotz utzi ninduen (eta itzelezko egarria ematen zidan).

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Ez dakit, pertsonaren arabera. Askotan gomendatzen dut Virginia Woolfen Three Guineas entseiua. Itzel ona iruditzen zait.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Bai, zergatik ez. Batzuk oso onak dira. Kixotea best-seller bat izan zen. Niri Stephen Kingen liburu batzuk asko gustatzen zaizkit. Oraintxe bertan nabil haren ipuin bilduma bat irakurtzen: Everything Is Eventual.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Aldartearen eta interesaren arabera. Askotan liburu batek beste bati deitzen dio: irakurtzen duzu liburu bat eta hor aurkitu duzun zerbaitek beste batera eramaten zaitu. Edo itzultzen banago liburu bat, segurutik idazle horren beste liburu bat hasiko naiz irakurtzen, edo gai horri lotutako edo garai horren inguruko beste bat… Irakurle sibarita naiz: normalean irakurtzeko gogoa dudana irakurtzen dut. Ez dut sentitzen batzuek aipatzen duten presioa, eguneratuta egotekoa. Ez dut literatur tertulietan parte hartzen, ez dut liburu txokorik gidatzen, ez dut literatura irakasten, ez didate normalean elkarrizketarik egiten, eta oso onartuta daukat ikaragarri atzeratuta nagoela nire irakurketetan eta hutsune pila ditudala. Gainera, nire interesengatik hamazortzi-hemeretzigarren mendeko liburuak irakurtzera jotzen dut askotan, modaz pasatutako nobelatzarretara. Bestalde, bereziki gustuko genero batzuk ere baditut, eta errazago jotzen dut horietara: ipuinetara eta fantasia, beldurra eta zientzia fikziora.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Ana Malagónek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.