Arantxa Urretabizkaiak erakurleon testa erantzun du. Zer esan duen jakin nahi?

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Momentu honetan, bi: L’adversaire (Emmanuel Carrère) eta Contra los hijos (Lina Meruane).

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Gorroto, inor ez. Inbidia, bai. Zerrenda bukaezina litzateke.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Komunean ez dut sekula ezer irakurri. Ez dit denborarik ematen.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Hondartzara ez naiz azken hogei urtetan joan, ezta igerilekura ere. Mendian gutxi ibiltzen naiz eta orduan, hori egiten dut, ibili eta begiratu.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Ez dut liburuak oparitzeko ohiturarik. Bolada batean fotokopiatu eta oparitu izan dut “Toda pasión concluida” (Vita Sackville-West), orduan ez zegoelako eskuragarri.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Ramon Saizarbitoriaren edozein.

Ze abesti da literatura?

Nork berea izango du. Gustatuko litzaidake eskuratzea Bruce Springsteen-ek historiak kontatzeko duen gaitasuna.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Nori eman ez dakit. Nori kendu, makina bat.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Asko irakurtzen nuen, gehiegi amaren ustetan. Baina ez nuen liburu kuttunik.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Xabier Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak”.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Tarteka. Horretarako muskulua galtzen ari naiz. Mila aldiz nahiago fikzioa.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

James Joyceren “Ulysses”.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Nire eskoletan ez ninduten ezer irakurtzera behartu.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Urteak dira inork horrelakorik eskatzen ez didana.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Bai horixe. Nik ez ditut irakurtzen, baina horrelako zerbait irakurtzen duenak erraztasun gehiago izango du beste zerbaitetara salto egiteko.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Gaztetan horrek kezkatzen ninduen. Aspaldian, ez. Irakurri nahi nituzkeen asko ez ditut irakurtzen, denbora faltaz.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Galdetegia egin duena.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Anjel Lertxundiren “Zu”.