Axkar-axkar eta fin-fin erantzun du Bea Salaberrik Erakurleon galdetegia! Hona hemen kontatu diguna:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Uste guzien kontra (hau da idazten duenak anitz irakurtzen duelako ustea), arras gutxi irakurtzen dut! Baina aitortzen dut, logelako apaletan badudala liburu meta bat… Meta ikaragarria! Literaturakoak, haurren istorio bildumak, lanetik etxera ekarri irakaskuntzari buruzko irakurgaiak… Maleruski, eguna bukatzen denean, maiz nekatua naiz eta bi lerro irakurri ondoan seko lo gelditzen naiz.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Gorrotoa ez da hazten dudan sentimendua, inbidia bai. Inbidia senditzen dut egoeren eta sentimenduen finezia azaltzen jakin izan duen idazlearentzat, erregurlarki, idazki bat edo beste dela. Begiradaz, detaile bat edo beste dela eta, nihaurk ukan nezakeen pentsaera baten azaltzeko hitz egokia asmatzen jakin duenarentzat. Tratatzera ausartuko ez nintzatekeen gaiari ekin dionak ere admirazioa eta inbidia doia eragiten dizkit.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Bidaia gidak. Le routard bildumako ale anitz ditut etxean, noizbait planifikatu eta sekulan egiten ez ditudan bidaienak barne. Azken hauetarik andana dut etxean. Noizbait aukera izanez gero, ontsa prestaturik egonen naiz bidaian abiatzeko. Gainera, elkarrizketen erdian erreferentzia bat edo beste kokatzeko informazio iturri aberatsak dira!

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Horrelako lekuetan ez dut irakurtzen, bazterrak behatzen ditut, ibiltzen naiz, burutik pasatzen zaidan ideia orori bide egiten uzten diot, korapilotsua zirudiena gardenago izan arte edo ondotik datorren beste ideia batek uxatu arte.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Liburuak oparitzea ausardia handia eskatzen duen gauza da, ez baitakizu sekulan nola hartua izanen den hautatu duzun hori.

Aldiz, erregularki, irakurri ditudanak lagun bat edo besteri pasatzen dizkiet irakurri ondoan, aipagai izaten dugunaren arabera liburu bat interesgarria eginen zaiola uste badut. Truko ona da ere etxeko apaletan lekua libratzeko!

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Galdera hau enetako tortura bihur daiteke! Ezin dut bat hautatu.

Ze abesti da literatura?

Hey Jude Ella Fitzgerald-ek emanik, 1969an Montreux-ko kontzertuan.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Eta nor nintzateke ni sariak nori eman errateko?

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Printze Txikia, noski. Ene belaunaldiko norbait ba al hau da irakurri ez duena? Maitatu ez duena?

Entseguak irakurtzen dituzu? 

Garaien arabera. Azken denboretan entsegu zenbait irakurtzen ditut, agian ohi baino gehiago, euskaraz, batez ere gure herriaren eta gizartean aldeak eta bilakaerak tratatzen dituztenak.

Zer ez zenuke berriz irakurriko? 

Ene kontzientziarekin buruz buru jartzea lortuko lukeen liburua.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Eskola garaietan, irakaslearen aginduz lantzen genituen liburuak frantses literaturako klasiko eta kanonen artean aukeratzen ziren. Berez ez ziren gai erakargarrikoak gertatzen eta lantzeko orduan lan anitz ematen zidaten. Obra on anitz landu arazi zizkiguten baina ez nituen batere gozatu, gaiak zirela, lantzeko moldea zela, derrigorrezkoak zirelako… Agian heldutasun eskasarengatik ere  bai. Duela zenbait hilabete kartoi batean aurkitu ditut bildurik, orain ari naiz horien berriz irakurtzen piskanaka eta arras beste efetu bat eragiten didate anitzek. Ez guziek, noski, baina anitzek bai.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Bapatean galdetzen badidazue? Irakurri dudan azkenetarik bat! Biziki memoria txarra dut, laster iraugitzen den horietakoa. Katastrofikoa da… Anitz markatu nauten liburuak e-book-aren faboritoetan egoten dira edo liburutegiko apal txukunenean. Gomendioak serioski eman beharrean nagoenean, hara begiratu behar baitut.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Ez baitezpada.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Ingurukoek erraten didatenaren arabera. Edo irakurketa batek badakarrelako beste bat (bertan egondako erreferentzia bat dela-eta adibidez). Edo detaile batengatik: titulua, azala…

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Barbalot-ek. Lardaska-ren idazleak.