ZINEAREN SOINUA

“Malba maskala,

zuri-beltzezko erretratuan aldarteak hartu didana.

Marroixka hozkila,

bihotzean uxatu ezin dezakedan gandua.

Musker tartaina,

gorputzak mudatu duen azala.

Ikatz-marra,

musugorriari gailendu zaiona.

Uher azpildua,

ezpainetakoak utzi didan lorratza.

Beltzurdin metalikoa,

zeruak soineratutako aurpegia.

Nabar barrendua,

begi bistako oro.

Goroldio hirotua,

oin azpietan sortzen ari den gaia.

Bizitza, batzuetan,

Buster Keatonen film mutua da”

Goizalde Landabaso. Babeserako kopia

Joseph Frank Buster Keaton (Piqua, Kansas 1895-Woodland Hills, California 1966) zinema mutuko aktore eta zuzendari ezaguna dugu. 1960an, ohorezko Oscarra eman zioten zinema ibilbidearengatik. Rankingak egitea gustuko duten zerrenda horietakoetan behin baino gehiagotan atera izan da: aktore klasiko onenen zerrendan, 21. postua eman zioten. Zinema mutuko zuzendari onenen zerrendan, berriz, zazpigarrena. El maquinista de la general (1927) filma historiako 27. onena omen da… eta puntuazio altuena jaso duen film komikoa.

Baina, zerrendak alde batera utzita, izen artistikoa nondik datorkion kontatuko dugu: hiru urte zeuzkala, eskaileretan behera erori zen Joseph haurra, eta ez zuen zauri bakar bat egin. Harry Houdini ilusionistak, hura ikusita, hala egin omen zuen oihu: “That was a real Buster!” (“a ze mutiko gogorra!”).

Eta, bere filmak zerrendatu ez, baina ikusteko gogoz baldin bazaude, hona ezagunenen zerrenda:

Las tres edades (1923), La ley de la hospitalidad (1923), El navegante (1924), El moderno Sherlock Holmes (1924), Las siete ocasiones (1925), El maquinista de la general (1927), Steambot Bill Jr. (1928) y The cameraman (1928).