“Eginahalak egin nituen Potzolo pistola esku artean zuela irudikatzeko, baina ez nuen erdietsi. Nonbait behar zuen, hala ere, erregelamenduzko armak, gaurko egun beroan izerdi tantarik ere eragiten ez zion traje zimurtuaren zoko-moko ezkuturen batean jagole. Besazpikorik eramanen ote zuen, Elliot Nessen Ukigaitzen gisara?”

Rock´n´roll. Aingeru Epaltza

The untouchables filma 1987an zuzendu zuen Brian de Palma zuzendari estatubatuarrak. Kevin Costner, Sean Connery, Robert De Niro edota Andy García aktoren ezagunek osatzen dute interprete taldea. Elliot Ness poliziak Lege Lehorraren garaian Chicagon izandako atentatu bat ikertzen hasi osteko peskizak ditu kontagai.

Filmak Oscar sarietarako lau izendapen jaso zituen, eta horietako bat irabazi: Sean Connery, errepartoko aktore onenaren saria.