‘Erreketeen artean emakume bat ikusi nuela ihesi, mosketoia eskuetan, atzera begiratu nuen une haietako batean. Barre egiten didate besteek. “Gonaz jantzita al zebilen?”. “Adats luzea al zeukan, edo mototsak?”. “Rougearen distira sumatu zenion ezpainetan, ala?”…”Margarita bat, frontean? Fakziosoek ez lukete inola ere permitituko’.

‘Gerra zibilak’. Inon ez, inoiz ez. Iban Zaldua

Margarita gisa ezagutzen dira erreketeen. Baina atzerago joan behar dugu izenaren eta funtzioaren zergaitia ulertzeko. II. Karlistadan, Carlos VII. zenaren emaztea zen Margarita eta gerrako hospitaletan erizain lanetan aritu zelako zen ezagun (batez ere Iratxeko monastegian).

36ko gerran, bando frankistaren erretaguardiako zutabeetako bat izan ziren, familia zaintzen -karlista erreketeen ustez, emakumezkoen lana zena-. Errepublikak eta ezkertiarrek zabaltzen zuten emakume funtzioaren antagonikoa zen, hain zuzen ere, euren iruditeria eta zabaldu nahi zuten mezua. Baina, erretaguardian ez ezik, lehen lerroan ere aritu ziren 36ko gerran: erizain; gutun, arropa eta janaria banatzen; borrokan ari ziren gizasemeen morala mantentzen… Hona euren helburua: Familia tradizioen eta familia osotasunaren zaintzaile leialak izatea.

36ko gerran, 500.000 margarita izan zirela kalkulatzen da.

Margariten “ordenantzak” hauexek omen ziren…

  • Idatzi santuetako emakume indartsuaren distira izatea
  • Emakume espainiarraren eredu izatea: fededuna, umila, saiatua…
  • Familia kristau espainiarraren defendatzaile sutsu izatea
  • Aberriaren tradizione zaintzaile izatea
  • Bere ENPRESA SANTUA Kristoren Familia Bizitza berrezartzea behar zuen izan
  • Bere BETEBEHAR SAKRATUA, ohitura publikoak garbitzea
  • Bere DESIRA SANTUA, gerraren zauriak itxi eta bakea ereitia, karitate kristau eta justizia sozialarekin
  • Bere ARGI  eta GIDA: Egia osoa
  • Bere TAKTIKA: “Dena edo… dena… Dena Jainkoarentzat”
  • Bere SENDOTASUNA: Jesusen Bihotza eta Pilarreko Ama Birjina
  • Bere ESKUBIDEEN TITULUA: Tradizioaren martirien odola
  • Bere leloa: JAINKOA, ABERRIA eta ERREGEA

 

Anita Soloaga margarita Teruelgo frontean, Begoñako Andra Maria tertzioa bisitatzen

Anita Soloaga margarita Teruelgo frontean, Begoñako Andra Maria tertzioa bisitatzen