Goizalde Landabaso ere jarri dugu E-rantzuten testaren aurrean. Hementxe kontatu diguna!

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Roberto Bolañoren 2666.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Gorroto, ez dut inor gorrotatzen. Miresten dut eta batzuetan pentsatzen dut “a ze kabroia” Julio Cortazar baten aurrean edota Sarrionandia baten aurrean… Otamendi baten aurrean…

Zer irakurtzen duzu komunean?

Komikiak eta inglesez idatzitako aldizkariak.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Momentuan irakurtzen ari naizen liburua. Eta oso potoloa bada, mehea den bat hasten dut. Poesia, normalean.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Ez dago bat. Asko oparitu ditut. Eta oparitzen jarraituko dut.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Gomendagarriena ez dago. Liburu on eta bikain asko daude. Aldartearen arabera izan liteke. Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak kaleratutako Piztipoemak eta beste xomorro batzuk eta Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liluragarriak dira.

Ze abesti da literatura?

Abesti asko. Gure abestiak literaturaz josita daude. Bat… mmm… Lili bat Mikel Laboarena.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Baaa… ez naiz ni oso sarizale, baina edozein emakume idazle on, inglesez idazten ez duena (ahal dela hiztun gutxiko hizkuntza batean idazten duena) eta nahiko ezezaguna denari. Izen bat jartzearren…

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Asterix eta Mafaldarekin hazi nintzen. Mafalda ulertzea kostatu zitzaidan, Asterix gustatzen zitzaidan. Eta gurasoek liburu asko ekartzen zizkiguten. Baina ez daukat akorduan zehatz bat.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Bufff… asko: Sarrionandia, Otamendi, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Cortazarrenak, Oscar Hahn, Europako Iparraldekoak, Harkaitz Cano… asko eta asko daude. Danimarkako gazte bat dago, Yahya Hassan. Poema liburu bakarra dauka. Izugarri ona.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Batzuetan. Orain irakurtzeko pare bat daukat. Angela Davis eta La radicalidad del amor Srecko Horvatena.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Haha… ahaztu egiten zaizkit maite ez ditudan liburuak.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Tiempo de silencio. Gorrotatu nuen.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Ba momentuan burua etortzen zaidana. Azken boladaotan hiru gomendatu ditut: Tonino Benacquistaren Saga, Amelie Nothomben Acido sulfúrico eta Sarrionandiaren Hnuy illa….

Best-sellerrak: bai edo ez?

Zergaitik ez. Jakina baietz. Denontzako lekua dago.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Batzuetan izenburuagatik, edo norbaitek gomendatutakogatik.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Irakurtzen duten guztiek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Bolañorenak 1.200 orrialde ditu. Ulertuko duzuenez luzaroan egonog da nire mesanotxean.