Harkaitz Canoren E-rantzuten testa:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Anjel Lertxundiren Zu, Karmelo C. Iribarrenen Haciendo planes poema bilduma, Don Carpenterren Dura la lluvia que cae

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Nick Hornby, High Fidelity idazteagatik eta Paul Auster New Yorkeko trilogia medio.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Normalean egunkariak eta kultur gehigarri atzeratuak. Diarioak ere bai: John Cheeverrenak, kasu.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Edozer irakur dezaket hondartzan: Tolstoiren Gerra eta bakea, adibidez, halaxe irakurri nuen.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Pájaros en la boca, Samanta Schweblinena.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Hainbeste daude! Bi aipatzeagatik, Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa eta Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena.

Ze abesti da literatura?

Leonard Cohenen edo Anariren kantu ia guztiak. Edo Rafa Berriorenak.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Philip Rothi.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Mariasun Landaren Txan fantasma.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Azken aldian irakurritakoetatik, Iñigo Astizen Baita hondakinak ere eta Karmele Jaioren Orain hilak ditugu.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai. Oso gustura irakurri dut, adibidez, Ivonne Bordeloisen La palabra amenazada. Orain kazetaritzaren inguruko saio batekin nabil: El nuevo Nuevo periodismo, Robert S. Boyntonena.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Zuzenbide ikasle nintzeneko prozesaleko testu liburua.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Elige tu propia aventura saileko bukaera ireki haiek gorrotatzen nituela oroitzen dut.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Norentzat den arabera ikusi behar. Azken aldian Limonov gomendatu izan dut, Emmanuel Carrère-rena. Agota Kristofen Koaderno handia da huts egiten ez duen beste bat.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Onak badira, arazorik ez. Jose Saramagoren Ensayo sobre la ceguera, adibidez, best-sellerra izan zen bere garaian.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Liburu dorreak pilatzen zaizkit etxean, erosiak, postaz jasotakoak, oparituak… Noiz edo noiz goiko aleak azpira eta azpikoak gora datoz eta halako batean liburu batek “deitu” egiten dizu. Zenbaitetan apur bat apetatsua izan daiteke hautua, esoterikoa ia.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Oier Guillanek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Jon Alonsoren Beltzaren koloreak.