Iban Zalduak ikasturteko lehenengo testa erantzun digu fin-fin. Hona kontatu diguna:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Michel de Montaigneren Entseguak, Stanislaw Lemen Astronautas,  Roberto Alifanoen El humor de Borges, Sara Mesaren Mala letra, Claudia Roth Pierpointen Roth desencadenado, eta Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Sentsazio hori, azkenengoz, Ana Malagonekin izan nuen, Lasai, ez da ezer gertatzen liburuagatik. Baina berehala pasatu zitzaidan, adiskideak garelako.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Aldizkariak. Azken aldi honetan batez ere Rockdelux, Mondo Sonoro, Jot Down, Galde, Larrun, Stee-Eilas-en buletina…

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Motxilan une horretan daramadana (beti eraman behar da liburu bat motxilan, gutxienez). Baina ez zaizkit iruditzen leku erosoak irakurtzeko, oro har, eta ez naiz maizegi joaten.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Azken urte  hauetan, Jhumpa Lahiriren Tierra desacostumbrada, eta Ana María Shuaren Contra el tiempo.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Historia osokoa? Zaila da. Obabakoak, Gorde nazazu lurpean, Bizia lo? Hiru horien artean, gaur galdetzen badidazu, baina bihar igual beste erantzun bat emango nizuke.

Ze abesti da literatura?

Van der Graaf Generator-en “La Rossa”, adibidez. Van der Graaf Generator eta Peter Hammill oso literarioak iruditzen zaizkit, oro har.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Ez dakit, jende askori. Azkeneko hirurak, Alice Munrorena, Patrick Modianorena eta Svetlana Aleksievitxena, nahiko duinak iruditu zaizkit. Argiago daukat nori ez niokeen emango, aditzen diren izenen artean: Haruki Murakamiri.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Edgar Rice Burroughs-en El regreso de Tarzán eta Robert Louis Stevensonen La isla del tesoro.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Rikardo Arregiren, Angel Erroren edo Iñigo Astizen edozein.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Lehen aipatu dudan El regreso de Tarzán: beldur naiz oso txarra irudituko litzaidakeela, eta garai bateko oroitzapen ona gorde nahi nuke. Altxor uhartea, ordea, euskarazko itzulpenean leitu nuen duela ez hainbeste urte, eta primeran eutsi diola esango nuke.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Garoa? Itsasoak ez du esperantzarik? Horietakoren bat. Gorroto hitza gehiegizkoa iruditzen zaidan arren.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Depende nor den eskatzen didana, eta depende unea ere, noski. Saiatzen naiz gomendio generiko-orokorrak ez egiten, ze aukeratzeko gehiegi dago. Zorionez.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Ez, baina zer inporta du nik horri buruz esan dezakedanak? Edonola ere, badago zerbait okerragoa best-seller bat baino, eta da best-seller gura bat.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Kaosaren teoriaren arabera, gehienetan. Irakurle desordenatua naiz. Euskal literatura, zenbaitetan, aberriagatik irakurtzen dut, orobat.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Oscar Wildek, ouija bitartez.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Harkaitz Canoren Beti oporretan, ziurrenik, gehiegi atzeratzen ari baitzait. Kontua da lagunek ez didatela liburuaren kritika onik egin, eta beldurtxoa diodala…