Iban Zaldua idazlea elkarrizketatu dugu txiolarion artean, Inon ez, inoiz ez ipuin liburuaren harira. Hementxe duzue 140 karaktereko galderek eta erantzunek utzi diguten elkarrizketa mamitsua:

Zure literatura ere “mingarriki autobiografikoa” al da?

Literatura guztia da autobiografikoa, neurri batean. Baina soilik autobiografikoa bada, ez du funtzionatzen. hots, ez, edo ez guztiz behintzat. Fikzioa beste zerbait da niretzat, haratago doan zerbait.

1. pertsonan asko idazten duzu. Zertarako aukera ematen dizu ahots horrek?

Aukera ematen du, uste dut, pertsonaiaren ikuspuntuan gehiago sakontzeko. Ipuin batzuek ezinbestekoa dute. Edonola, ipuin bakoitzaren erredakzioan sortzen den kuestioa da. Behin baino gehiagotan egin izan dut aldaketa

Erreferentzia literario asko daude narrazioetan. Irakurtzen dituzun bitartean sartzen dituzu, eta hozkailuan gordeak dauzkazu?

Bietarik. Irakurtzen ari naizenak eragiten dit, zalantzarik gabe, baina gero ondare “perenneago” bat dago.

EH egoera politikoa fikziorako iturri oparoa da?

Izan daiteke. Beste gai asko bezala, noski. Baina aitor dut nire kasuan zer ikusi handia izan zuela euskaraz idazten hasteko erabakiarekin.

Eta hori?

Gauzari buruz gaztelaniaz idatzi nituen lehenengo ipuinek ez ninduten konbentzitu, faltsu usaina hartzen nien. Kontuari buruz euskaraz idazten hasi nintzenean hasi nintzen ipuinekin gehiago asetzen. Agian kasualitatez.

Atentzioa eman didate ipuin batzuetan agertzen diren egoera errepikakor horiek. Nondik ateratzen dira?

Tira, bizitza nahiko errepikakorra da, ezta? Historia irakaslea naiz, gainera, eta zikloak nonahi ikusteko joera daukagu batzuetan. Astun batzuk gara.

Bai egia da eta batzuetan galdu egiten gara errepikatze horretan? Inpresio hori utzi didate ipuin batzuek.

Bai, hori da helburua, helburuetako bat. Errepikapenaren konfusioa, nolabait esateko. Bizitzarena, funtsean.

Zuk ere literatura maite duzu irudikatu ezin ditzakezun munduetara bidaiatzeko aukera eskaintzen dizulako?

Bai, pentsatzen dut baietz, baina ez bakarrik horregatik. Beste bizitza batzuk biziarazten dizulako ere. Enpatiarako makina baten gisa funtziona dezakeelako. Baita ebaditzeko ere. Edo mundura areago lotzeko. Literatura irakurtzeko motiboak ez dira beti berdinak, ezta pertsona berarengan ere, une oro.

Nola bihurtu zinen “letrazauritu”? Umetako gaixotasunen batengatik? 

Ez bereziki. Auskalo zergatik. Eskura zegoelako. Oso garestia ez zelako. Asperdura borrokatzeko. Kirolari txarra nintzelako. Bakardadea maite dudalako. Motibo asko daude irakurle bihurtzeko.

Uste duzu “politikoki inkorrektoa” zarela idazle gisa?

Ez bereziki. Zergatik diozu hori?

Eta ipuin generoa aukeratzeko? Pentsatu al duzu inoiz nobela bat idaztea?

Bueno, bi idatzi ditut, Si Sabino viviría eta Euskaldun guztion aberria.  Baina gaizki atera zitzaizkidan ipuinak dira, funtsean. Nire DNA ipuinaren generoarekin hobeto datorrela bat iruditzen zait. Auskalo zergatik.

 

Sinesten al duzu egilearen manupetik askatu eta bere kasa ibiltzen hasten diren pertsonaietan?

(Batez ere) nobelagileek asmatutako tontakeria galantenetako bat da.  Horregatik hain zuzen ere izan daiteke ipuinen fikziorako gai on bat 😉

Inpresioa dut ipuin horietako batzuek gehiago luzatzea merezi zutela.

Zeintzuk?

‘Ohean irakurtzea debekatu zidan’, adibidez. Liburua utzi nuen amorratuta, ez nuen beste istoriorekin hasi nahi.

Hori ad infinitum luza daiteke, egia da. Baina orduan ipuin izateari utziko lioke. Ekonomiaren aldekoa naiz ni, ikuspegi horretatik. Baina egia da batzuetan gertatu zaidala, aipatu bi nobelekin bezala: zentzu horretan ziren ipuin raté-ak.  Bueno, nik uste dut horrela irakurri behar direla ipuin liburuak, irakurketa geldituz. Ipuin liburu bat ezin da nobela bat bezala irakurri, segidan, gelditu gabe. Ipuin bakoitza nobela bat da

Beraz, zure iritziz ipuin liburuek hobeto islatzen dute errealitatea nobelek baino?

Ez derrigorrez. Genero biek daukate ahalmen hori, nire ustez, eta baita beste ahalmen batzuk ere. Ipuinek, Juan Garziak zioen bezala, fantastikorako joera handiagoa, berezkoagoa dute. Nobelek, errealismorako. Baina ipuin errealista ederrak idatz daitezke, eta nobela fantastiko konbentzigarriak, zergatik ez.

Garai askota gerrak, borrokak… abiapuntu dituzu narrazio askotan. Epikak liluratzen zaitu?

Ez, justu kontrakoa esango nuke. Higuina diot, epikan oso heziak izan garen arren, edo izan garelako, auskalo.

‘Inonezinoiz’-en protagonista askok idazten dute… Hain inspiratzaileak al dira idazleak?

Azkenean mania gisakoa da. Jarduera horretan ordu asko sartzen dituzunean saihestezina da horretaz hausnartzea. Idazleak astunak gara kontu horrekin, batzuetan. Zorionez, filmetako idazleak aspergarriagoak dira oraindik. Hots, idazleei buruzko kontuek literaturan bertan dutela hobeto funtzionatzeko aukera, edukitzekotan…

Antzeko zerbait gertatzen zaizu funtzionario, kargu publiko etabarrekin? Asko pentsatzen duzu horiengan ere?

Bueno, sektore batek lana sortu badu azken 35 urteotan horixe izan da, ezta? Enplegu industialak eta abarrek behera egin duten bitartean, diot. (Agian hobeto ezagutzen dudalako da, nire inguru sozialagatik. Biografismoaren zamatxoak, alegia).

Zure ze kontzientziak zaramatza idaztera? Politikoak? Sozialak? Ekologikoak? Intelektualak?

Ez dakit zeinek naramatzan. Batek baino gehiagok, eta horietatik kanpoko batzuk, espero dut. Desio dudana da horietako batek ere ez “zuzentzea” idatz dezakedana. Nolabaiteko diktatu ideologiko batik jarraiki idaztea ez dago nire helburuen artean… Hortarako ez nuke fikzioa idatziko, zerbait erabilgarriagoa baizik. Eskuliburu 1, panfleto 1, plan estrategiko 1.

Eta genero kontzientzia? Gai hori ere badabil ipuin batzuetan ez?

Bai, zalantzarik gabe. Irakurketen ondorio da, ziurrenik. Eta aitatasun jakin batena ere, agian.

Irakurle bezala eskertzen da idazlea ” ez ikustea”.

Bueno, gaur egungo joera nagusienetako baten kontra doa hori, une honetan. Baina bai, ni idazle ikusezinaren aldekoa naiz, izatekotan. Lortzen dudan ez dakidan arren.

Agian egin ezin den galdera da hau, baina bukatze aldera: baduzu narrazio kutunik ‘Inon ez, inoiz ez’-en?

Aldatzen doaz denborarekin. Garai batean La Côte Basque… zen, gero Gerra Zibilak. A89 ere maite dut. Depende garaia. Udazkenean gaudela, Gaztainak, adibidez. Boladaka doa.