Inazio Mujikak gure Erantzuten! testa bete du eta hau da esan diguna:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Mesanotxe gain handia daukat. Baina, une honetan, Montaigneren Saioak daukat (Acantiladoko edizio bikaina); luze egongo da gainera mesanotxe gainean, mokoka ari bainaiz irakurtzen. Hori dela eta, Montaignen biografia Zweigek idatzia irakurri berri dut eta ez dut oraindik mesanotxetik erretiratu. Gainera, aspaldi neukan begiz jota eta Maria Antonietaren biografia Zweigek berak idatzia erosi eta irakurtzen ari naiz. Irakurtzen ari naiz Emmanuel Carrereren ‘El reino’ ere, oso gustura. Atxagaren ‘Muskerraren bidea’ ere hor daukat, oso maite dudan paraje horretan murgiltzen naiz noizbehinka.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Ez dut inor gorroto horregatik. Gehienera jota, miraz begiratzen diot. Garai batean gehiago orain baino. Irakurri nuenean, Anjel Lertxundiren ‘Kapitain Frakasa’rengatik sentitu nuen antzeko zerbait. Ez dut uste Anjelen libururik onena denik, baina giroa nik amestua zen kontakizun baterako. Cortázarren edozein ipuin irakurrita sentitu dut, ez besoa baina, behatz bat emango nukeela hura idazteko talentua izateagatik.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Edozer gauza. Baita Almax-aren prospektua ere besterik ez badago.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Hondartzan eta igerilekuan ez naiz aspaldi egon, baina joaten nintzenean ezer ez, bainatzera joaten nintzelako. Egiten ditut paseo laburrak nire auzo inguruko mendi txikietara (Ulia, Urgull, Ametzagaina, San Marko) eta batzuetan, ez beti, eramaten dut libururen bat arbolape batean irakurtzeko. Orduan ez da inportantea zer, neurria baizik. Nire poltsa txikian sartzen dena.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

‘Momentos estelares de la humanidad’, Stefan Zweig eta ‘El llano en llamas’ Juan Rulforena seguru asko.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Gomendagarria, zertarako?
Gomendagarri asko dago. Baina demagun idazle izan nahi duen gazte bati. Inoiz holakorik etorri zaidanean beti gomendatu izan diot bere euskalkiko idazle klasiko bat irakurri/aztertu/landu dezala. Gipuzkoar bati, Asteasuko Agirre edo Iztueta; bizkaitar bati, Mogel, Añibarro etc; eta denei, Axularren Gero.

Ze abesti da literatura?

La chanson de vieux amants

Nori emango zenioke Nobel saria?

Anjel Lertxundiri

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Salgariren edozein. Aurren-aurrena gogoan dut ‘La reina de los Caribes’ irakurri nuela. ‘Pernando amezketarra’ ere oso maite nuen.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Kavafisen 150 poema.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, gero eta gehiago. Historikoak gehien bat, eta biografiak.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Je ne regrette rien. Ez Edith Piaf ez ni ez gara ezertaz damu (irakurketa kontuan behintzat).

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Crimen y castigo. Urte askoan gorroto izan dut.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Nork eskatzen didan ezberdin izaten da. Zweig beti izaten da aukera ona. Gehiago gogoratzen naiz egin dizkidaten gomendioez hala ere.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Baita ere.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Lagunen batek esanda, literatur prentsan irakurrita, liburudendan gutiziatuta…

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Idazle ez den batek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Harkaitz Canoren azkena bai behintzat: ‘Beti oporretan’.