Urtarrilaren 11an Eibarko Juan San Martin Liburutegian izan da Erakurleak taldea. Bertan, Harixa emoten irakurketa taldearekin batera, eta Inazio Mujikaren parte hartzearekin, Gerezi denbora liburuari buruz aritu gara.

Hona hemen egileak berak liburuari buruz esan diguna:

Kristoren sorpresa hartu nuen idatzi zidanean nahi zenutela liburua irakurri eta ea etorriko nintzen. Sorpresa aspaldi zirkuluetatik aparte nenbilelako eta inor gogoratuko zenik uste ez nuelako. Halako harrotasun punttu bat ere, denok daukagun hori, loratu zen nigan. Ohoratua sentitzen nintzela idatzi nion; baina estuasun pixka bat ere bai. Liburu hau atera zen duela 16 urte, eta 16 urtean nik beste ibilbide bat egin dut eta ez dut beste libururik… beno, bai, atera ditut liburuak, baina ez beste narrazio luzerik. Atera ditut narrazio labur batzuk, baina ez liburu bat “behar den bezalakoa”. Arrazoi asko egon daitezke tartean, eta ez naiz aitzakiatan hasiko. Liburu hau inprentara eraman nuen goiz hartan jaio ziren bi seme-alabak, bixkiak; gereziak bezala etorri ziren. Gaur egun 16 urteko adoleszenteak dira. Hasieran aitzakia hori jartzen nuen: umeak, lagundu beharra… Baina uste dut beldurra diodala beste zerbait idazteari, egia esan. Argitaletxe batean gauza asko irakurtzen dituzu eta zuk idazteko momentuan asko eskatzen diozu zure buruari ere. Baina esan dut ez naizela aitzakiatan sartuko. Ez dut idatzi, baina segurasko idatziko dut. Orain ikusten dut bidea beste libururen bat idazteko. Ari naiz. Baina poliki eta lasai egingo dudan lana da.

Kontua da orain 17 urteko liburu bati buruz hitz egin behar dizuedala, eta egun hauetan, gainetik bada ere, irakurtzen aritu naiz. Izen batzuekin ez nintzen gogoratzen ere! Banekien Roman, Andres eta Fruktuoso zeudela, baina Amantzio, Gertru… berriro ere mundu horretan sartzen hasi naiz.

Garai batean oso sartuta nengoen –uste dut antzematen dela- gidoigintzan. 1994an edo, beste lagun batzuekin batera, Goenkalen -oraintxe bukatu den hartan- sartu nintzen. Hori zela eta, hainbat kursillo eta kurtso egin nituen. Gustatu eta ze baliabide zeuden ikertzen hasi nintzen. Film bat ere egin genuon beste lagun batek eta biok –Joxean Muñoz, orain politika munduan sartuta dago, baina oraindik gidoilaria da, noski-. Bera zen gidoilaria, eta ni ikaslea, eta egin genituen “Karramarroen uhartea” izeneko marrazki bizidunak.
Obsesionatuta nengoen gidoigintzan ikasitakoa narrazio batean nola sartu, nola erabili, ze baliabide izan zitezkeen kontakizun bat kontatzeko eta jendea harrapatzeko. Hori zen nire obsesioa garai hartan.
Narrazioari ekiteko… Narrazioa esaten dut ze ez dakit nirea nobela den edo ez; oso gauza labana da. Nik beti esaten dut ipuin luze bat dela, eta ni ipuinlari bat naiz, ipuinak idatzi ditut gehien bat. Nahiz eta hau den nire ipuinik luzeena.

Narrazio edo kontakizun baten ernamuina niretzako beti izan da imajin bat: gero konturatu naiz ez naizela batere originala, jende askok hori bera esaten duela. Obsesiboki duzun imajina bat izan daiteke ideia bat. Niretzat, behintzat, imajin bat izaten da hasiera. Eta izan zen, Alberto Onaindia kalonjearen gerrako memoriak irakurtzen ari nintzela, kontakizun bat kontatzen du: bera zegoen kalonje, eta bere gainetik zegoen artzapezpikua Donostian harrapatu zuen gerrak eta anarkista batzuek bahitu egin zuten. Anarkisten eta apaizen artean ez zirela oso ondo konpontzen ez dut esplikatu beharrik…. badakizue.
Bahituta ez: atxilotuta zeukaten, anarkistak zirelako ordena garai hartan Donostian. Alberto Onaindia hau bere txikitako lagun anarkista batengana joan zen –hau egia da-. Eskauriaza zuen izena, Irungoa. Eta biak joan ziren artzapezpiku hori askatzera (beraiek iritsi zirenerako askatua zegoen). Oso arraroa egiten zitzaidan zer eta apaiz batek eta anarkista batek elkar hartzea artzapezpiku bat askatzeko. Horri bueltaka eta bueltaka esaten nuen: berez anarkista hori bere lagunak traizionatzen ari da, baina hala ere laguntzen ari da. Kontraesan horrek piztu zuen istorio hau.

Pertsonajeak asmatuak dira gehienak. Batzuk izen-abizenez izendatuak daude. Esaterako, istorio honetan Manuel Irujo agertzen denean, gehienetan, gauza historikoetan agertzen da, nahiz eta gauza batzuetan asmatu antzera ibili: baina ibili zen jendea askatzen Donostiako nahaspila hartan. Artola ia historikoa da. Ia historikoa da tipo batek zerrenda hori eduki zuela buruan. Kontatzeko modua eta hainbat xehetasun, ba ez dira.

Konturatzen bazara non dauden Alkortaren eta Beñardoren istorioak – lehenengo txanparen ondoren, eta bestea azkenekoaren aurretik-, gidoigintzaren eragina hor dago. Istorioari bira bat emateko aukeratutako bi ipuin izan daitezke. Badaukate indarra.

Egia da anarkistak oso eskematiko agertzen direla. Lagun batek esan zidan “operetako anarkistak” zirela. Nik nahi nuen umorea sartu istorio honetan, jendea harrapatzeko eta iruditzen zaidalako melodrama batean hobeto egiten dela negar barre egin ondoren, eta alderantziz. Probatu nahi nuen. Ordura arte oso serio ibilita nengoen narrazioetan, eta askatu egin nahi nuen, komikotasuna antolatu.

Hasiera kontatu nahi nizuen. Ez dakit lortu dudan, baina nire apostu pertsonala zen, jendeak ia eserialdi batean irakurtzea. Lortu baldin badut, ez da gutxi. Nahi nuen azkar joatea, eta erraz.

Hizkuntza aldetik beharbada gaur egun ez nuke horrela idatziko. Badaude gauza batzuk momentuko setakeriak izan zirenak, eta 16 urte pasatu ondoren ez nituzkeenak egingo. Badago bat askotan gogorarazi didatena, eta da “burkideren” erabilera. Burkide erabiltzen da, gaur egun, lagun-kide ideologikoa aipatzeko, baina historikoki ez da horrela erabili. Historikoki etsaia, kontrarioa da burkidea. Eta bestea da “burukidea”. Horrekin nahastu da eta gaur egun horrela erabiltzen da. Hizkuntzak bere bideak egiten ditu, eta beharbada onartu egin beharko dugu burkidearen beste adiera, baina hor setatu nintzen: “hau da, eta hau erabili behar dut”. Gaur egun esan dezaket hori.

Saiatu nintzen gauza horiek zaintzen. Eta zaintzen gerrako mugimenduak. Garbi dago gerran kokatzen baduzu istorio bat, izan behar duzula egiantzekotasun bat. Ezin dituzu 37an jarri Donostian 36an pasatako gauzak. 1936ko irailaren 13an Donostian sartu ziren. Gerezi denbora laburra da. Garai hartan, Donostian 13an bukatu zen.
Etsaiak, -faszistak, frankozaleak… nahi duzuen bezala esan- ez dira ia agertzen. Hemen gerra bat baino gehiago dago. Badaude pertsonen arteko gerrak -Andres eta Romanen artekoa- eta gero daude talde baten barruko gerrak: sozialistek ezin zituzten anarkistak ikusi; anarkistek nazionalistak; nazionalistek… Denak gorriak ziren, baina denak ez ziren berdinak. Hor bazegoen gerra handi bat. Pentsa, Kataluinian elkarri tiroka bukatu zuten. Gerraren barruko beste gerra bat. Hori beste istorio bat da. Nik ez nuen Gerra Zibilari buruzko istorio bat egin nahi, nik gerra zibilean kokatutako istorio bat kontatu nahi nuen. Ez nion Gerra Zibila inori esplikatu nahi.