Ikasturte honetako lehenengo galdetegia erantzun digu Jon Arretxek.

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Yeruldelgger. Muertos en la estepa, Ian Manook-ena.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

-Inor ez.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Lehen egunkaria, paperezkoa, irakurtzen nuen. Orain gehien bat internetetik aztertzen dut prentsa eta ordenagailuak ez dauka halako xarmarik komunera eramateko. Beraz, komuneko egonaldiak hurrengo nobelarako ideia bila hausnartzeko aprobetxatzen ditut.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Hondartzari alergia diot, igerilekuan igeri egiten dut, besterik ez, eta mendian ibili egiten naiz, zentzumenak erne. Irakurketa beste toki batzuetarako uzten dut.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Bat ere ez behin baino gehiagotan.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Ez ditut denak irakurri, baina Obabakoak, adibidez, edonori gomendatuko nioke.

Ze abesti da literatura?

Hausnartzen eman dut denbora, galdera berezi honi erantzun berezia eman nahian, baina ez zait ezer originalik bururatu.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Literaturakoa idazle bati beti.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Umetan ez nuen oso gogoko irakurtzea. Nahiago nuen kalean ibili, jolasean.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Arestirenak, orokorrean. Padron ere gogoko dut.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Ez.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Ikasle sasoiko apunteak, ezta irakasle sasoiko apunteak ere.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Miau, Galdosena.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Segun eta norentzat den, zelako pertsona, zer irakurle mota. Pertsona batentzat oso egokia den liburu bat rollo hutsa izan daiteke beste batentzat

Best-sellerrak: bai edo ez?

Argitaletxeek fabrikatutakoak ez. Bestelakoak agian bai, azken baten modu naturalean asko-asko saltzen duten liburuek zerbait izan behar dute.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Normalean nik baino gehiago dakien jendearen iritzi eta gomendioez fidatzen naiz. Lagun batzuk dauzkat ia dena irakurtzen dutenak, ondo ezagutzen naute eta oso aholku egokiak ematen dizkidate.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Zeuk/Zeuek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

50 bat nobela dauzkat pilaturik, irakurriak izateko zain. Zaila izango da aukeratzea.