Victor Hugok ezin izan duenez erakurleon E-rantzuten testa erantzun, Kondenatu baten azken egunak itzuli duen Juan Mari Agirreurretaren kuttunak ezagutu ditugu.

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Egia esateko, gustatzen zaidana da hainbat liburu batera irakurtzea. Logelan apaltxo bat daukat 8-10 liburutarako lekuarekin eta guztiak ditut hasita. Zeini heldu uneko erabakia izaten da.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Nik nekez idatzi ahalko nuke nire liburu kuttunena; horretarako zientzialaria izan behar baita. Baina, aukeratzea libre bada, Darwinen Espezieen jatorriaz liburuaren idazlea izango nintzatekeen, zergatik ez.

 Zer irakurtzen duzu komunean?

Komunean (WC) esan nahi duzu edo oro har?!! Komunean ezer ez. Baina bizitzan, oro har, filosofiako liburuak atsegin ditut. Nire liburuen apaltxora etorri den azkena Heideggerren Ser y tiempo da. Liburu zaila da, baina gozatzen ari naiz.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Horrelakoetan ez dut irakurtzen luzerako arreta eskatzen didan libururik, beti baitago irakurketa moztuko duen zeozer. Horrelakoetan poemak irakurtzen ditut; alegia, bat irakurri eta luze pentsatu, eta abar.

Zein da gehien oparitu duzun liburua? 

Don Quijote de la Mancha. Liburu hori mundu guztiak irakurri beharko luke.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Euskaraz gozatzeko esan nahi baduzu, zalantzarik gabe Axularren Gero. Baina euskal liburuen artean bakarra gomendatu beharko banu hori Lizardiren Biotz-begietan izango litzateke.

Ze abesti da literatura? 

Leonard Cohen abeslariaren edozein.

 Nori emango zenioke Nobel saria?

 Joseba Sarrionandiari, zalantzarik gabe.

 Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

 Negua. Anjel Lertxundik idatzi eta Asun Balzolak ilustratu zuena.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Lizardi eta Sarrionandia jada aipatu ditudanez, Baudelaire poeta frantsesaren Les fleurs du mal  gomendatuko nuke.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, batez ere entseguak edo saiakerak irakurtzen ditut; eta eleberri gutxi. Gaston Bachelard eta Jean-Paul Sartre autoreak dira gehien irakurri ditudanak.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Gutxi dira birritan irakurri ditudan liburuak. Dakigunez, munduan liburu asko dago eta denbora mugatua da; aukeratu egin behar da ezinbestean.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Ez dut libururik gorroto eta eskolakoak ez nituen irakurtzen; tranpa egiten nuen. Nire lehenengo liburua 18 urterekin irakurri nuen ikasten ari nintzela (Julio Caro Barojaren liburu bat zen); ordutik ez naiz geratu.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Pertsonaren araberakoa izaten da hori, intuizioz. Nire amari, adibidez, ez nioke Darwinen obra gomendatuko. Gustatzen zaizkidan liburuetatik, pertsona horri eta hari zer gusta dakiekeen pentsatzen dut lehenik.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Irakurri izan ditut, esate baterako, Los pilares de la tierra, El Código Da Vinci, El Clan del Oso Cavernario eta beste batzuk. Baina aipatu dudanez, eleberri gutxi irakurtzen dut.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Batzuetan liburu batek beste batera eramaten nau, gaika noalako edota autoreka noalako. Adibidez, Heidegger irakurtzen animatu naiz Sartreren filosofian eragin handia izan zuelako eta Sartre benetan dut gustuko.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi honi? 

Mikel Laboak zer irakurtzen zuen jakin nahiko nuke.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

David Thoreau: VOLAR. Antonio Casado da Rochak prestatu duen edizioa.