Karmele Jaio, hilabete honetako gure e-dazleak, erantzun du E-rantzuten testa. Jakin nahi zer kontatu digun?

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Normalean beti bat baino gehiago. Orain Lucía Berlinen Manual para mujeres de la limpiezaEl cuadermo de Bento, John Bergerrena, eta Jakinen azken zenbakia hasteko oraindik.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Ez dut inor gorroto horregatik. Aldiz, muxuak ematen hasteko gogoa sortzen zait Alice Munroren ipuinak edo Szymborskaren poemak irakurtzean.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Ez dut irakurtzen.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Ia beti daramat poltsan une horretan irakurtzen ari naizen libururen bat. Beraz, ni noan leku guztietara heltzen dira gehienetan nire irakurketak.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Inoiz oparitu dut Una soledad demasiado ruidosa, Bohumil Hrabalena, adibidez.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Bat bakarrik? Asko gomendatuko nituzke. Bat esatearren, ba Obabakoak, baina beste asko aipatu ahalko nituzke.

Ze abesti da literatura?

Bill Frisellen Rain, rain, adibidez?

Nori emango zenioke Nobel saria?

Bernardo Atxagari.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Enid Blytonenak irakurtzen nituen. Eta komikiak.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Gamonedaren bat agian edo Szymborskarenak. Edo Karmelo C. Iribarrenen bat.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Sin fines de lucro Martha C. Nussbaum-ena irakurtzen ari naiz orain.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Interesatzen ez zaidana ahaztu egiten dut, beraz, ez dut gogoratzen zer ez nukeen berriz irakurriko. Eta zerbait irakurtzen hasi eta gustatzen ez bazait, utzi egiten dut.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Ez ditut gogoratzen eskolako liburuak.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Garaiaren arabera eta irakurtzen nagoenaren arabera. Oraintxe bertan irakurtzen ari naizenez, agian Lucia Berlinena gomendatuko nuke.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Ez dut interes handirik best-seller etiketarekin saltzen dizkiguten liburuetan.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Autoreak jarraitzen ditut edo gomendatzen dizkidate.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Zeuek erabakitzen baduzue hobe.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Pello Lizarralderen Elur bustia.