Katixa Agirrek gure Erantzuten! testa bete du eta hau da esan diguna:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Momentu honetan, Elena Ferranteren Adiskide Paregabea eta Penelope Fitzgeralden El inicio de la primavera nobelak, bien artean nabil.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Gorrotora ez naiz heltzen agian baina bai bota dudala “a ze kabroia!” (“a ze ona! adierazi nahian, noski) Cheever, Houellebecq edo Eider Rodríguezen gauzak irakurtzen, besteak beste.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Azken boladan horretarako denborarik ere ez! Askoz jota Twitter-i begirada azkar bat botatzen diot.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Liburu lodiak! Horiek oporretarako uzten ditut.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Nireak, noski. Doan ematen dizkidatela aprobetxatuz.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Saizarbitoriaren Ehun metro, beti gomendatzen diot euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen irakurleari.

Ze abesti da literatura?

Anariren Amua, esaterako.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Nire buruari ematea gaizki ikusita egon daitekeenez, nire senarrari, ganantzialetan gaude eta.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Ezin bat aukeratu, lau botako dizkizut: Ezin da ipuinik asmatu, ala?, Xabier Mendigurenena, Cuando Hitler robó el conejo rosa, Judith Kerr-ena, Eta Michael Enderen Momo eta Istorio amaiezina.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Margaret Atwooden Power Politics eta Miren Agur Meaberen Azalaren Kodea.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, baina askotan erdira uzten ditut, ideia nagusia harrapatu dudala pentsatzen dudanean.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Irakurri ditudan gauzen %99a.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Bat ere ez. Denei ateratzen nien zukua.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Pertsonaren araberakoa da hori.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Dudarik gabe bai. Eta best-sellerra nik idatzitakoa baldin bada, hainbat hobe.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Aholkuak jarraituz, autore bat jarraituz edo intuizio hutsez.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Joseba Sarrionaindiak.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Maternidad y creación, amatasuna eta idazketaren inguruko saiakera eta ipuin bilduma. Dagoeneko enkargatu dut.