Erakurleen ikasturtea saio berezi batekin hasi genuen atzo. Katixa Agirre, Sua falta zaigu-ren idazlearekin lagunarteko tertulian aritu ginen Donostiako San Jeronimo kaleko liburutegian.

Erakurleak: Duela zortzi urte publikatu zenuen Sua falta zaigu. Duela urte batzuk idatzitako narrazioak dira, 20 eta gutxi urte zenituela. Atzera begira jarrita, nola gogoratzen duzu narrazio liburu hau?

Katixa Agirre: Begira, orain ikusita blogean jarri duzuena, esan dut “eta hau zergatik?”. Dry Martinia, Freddie Mercury… ez naiz gogoratu ere egiten zeren harira zetorren hori guztia. Horrek esan nahi du oso atzean geratu zaidala, baina memoria ariketa bat eginez, nabaritzen da oraindik oso presente dudala eta lehenengoa dela. Lehenengoa beti da berezia. Bigarrena edo hirugarrena baino modu sakonago batean geratzen da. Zelan izan zen? Ez dakit Xabierrek (Mendiguren, bertan zegoen) gogoratuko duen, baina berak paper handia izan zuen. Beti kontatzen diet institutuetara noanetan istorio hau: 21-22 urterekin idazteko zelatasuna neukan, baina zaletasun pribatua zen. Ez nuen gauza handirik egiten eta gainera Madrilen bizi nintzen, hemengo mundutik deskonektatuta. Ikusi nuen bazela novela laburren lehiaketa bat Ondarroan –Augustin Zubikarai, oraindik badena-, diru bat ematen zela eta gainera publikatzen zela liburua. Hor ikusi nuen bidea idazten nuen zeozer publikatutako ikusteko. Gaztetan beti dago irrika hori, orain baino gehiago, publikatzeko. Baina, karo, nik ez nuen nobelarik idaten; nik ipuinak idazten nituen. “Nobela laburra… gauza xume bat da, beraz, egingo dudana izango da 30 orrialdeko ipuin hau luzatu pixka bat…”. Uste dut nobela laburra 50 edo 60 orrialdekoa zela… Azken finean, ipuin luze bat. Zeinek jartzen du muga, ezta? Hori egin nuen: nahiko modu bortxatuan luzatu eta zabaldu ipuina eta bidali. Pasatu ziren hilabete batzuk eta ahaztuta neukan; Gasteizen nengoen, gurasoen etxean eta Xabierrek deitu zidan. Ez dakit zergatik zeukan nire gurasoen etxeko telefonoa…. ze ez nintzen han bizi! Kasualitatez harrapatu ninduen, Aste Santua-edo izango zen. Beti kontatzen dut istorio hau eta zu ez zaude inoiz… Orain kontrastatuko dugu…

Xabier Mendiguren: Lehendabiziko aldia da entzuten dizudana.

Katixa: Zeozer esan behar baduzu, esan. Nik nire bertsioa kontatuko dut. Nik ez nuen ezagutzen; izenez bai, baina pertsonalki ez. “Katixa Agirre? – Bai. – Xabier Mendiguren naiz, Elkarreko editorea, Augustin Zubikaraiko epaimahaikidea izan naiz eta zure lana irakurri dugu”, orduan pentsatu nuen, “irabazi egin dut! Primeran atera zait! Luzatu dut ipuin hau eta kolatu egin du…”; “Esan behar dizut ez duzula irabazi. Bazituen gauza interesgarriak baina akaso ipuina zen nobela baino gehiago… Igual luzatu duzu modu artifizial xamarrean…” “Bai igual bai, bai” eta ni pentsatzen “horretarako deitu dit?”, baina esan zidan, “beste zeozer idatzita baldin badaukazu, bidali nahi badidazu, gustura irakurriko dut eta iritzia emango dizut”. Hortik hasi zen gure harremana. Handik hilabete batzuetara bidali nizkion ipuinak eta ez dakit zein momentutan esan zidan: “Hemen badaukagu kopuru nahikoa argitaratzeko”. Horrela izan zen: berez, irabazi ez nuen lehiaketa horretatik beste liburu bat atera nuen.

Xabier: Oraintxe okurritzen zait, lehiaketara aurkeztu zenuen ipuin luzatu hura, ipuin bezala ez genuela sartu.

Katixa: Ez. Ez zen ona!

Erakurleak: Eta behin liburua argitaratzearen ondorena, nola gogoratzen duzu?

Katixa: Egia esan, oihatzun handia izan zuen liburuak. Batzutan gehiegi zela sentitu nuen. Aurreneko liburua zen; xumea, ez zeukan hainbesteko anbiziorik… Ez dakit zergatik, egokitu zitzaidan arreta –agian niretzat- gehiegizkoa. Ez nuen espero medioak hain gainean izatea. Ez nekien hori hala izango zenik. Baina bestela, pozik eta harro. Ez dut liburu horren lotsarik. Bere momenturako ondo egon zen. Orain ez nuke idatziko baina…

Erakurleak: Kuriositate hutsez, zenbatetan berrirakurri duzu liburua?

Katixa: Ez hainbestetan. Oroitzen dut aurkezpenaren aurreko gauean irakurri nuela. Pentsatu behar nuen zer esan aurkezpenean. Nola berria zaren ez dakizu tokatuko zaizula behin eta berriz liburuaren gainean nolabaiteko teorizazioa egitea. Hori ez duzu pentsatzen idazten ari zarenean. Orain gehiago izaten dut buruan nola azalduko ditudan gauzak.

Erakurleak: Idazle izatetik marketingeko pentsamentura pasatu zara, beraz…

Katixa: Marketinga baino, medioen diskurtsora egokitzea izan da. Jakitea galdetuko   dizutela eta zeozer esan beharko duzula erdi-inteligentia, erdi-erakargarria. Aurkezpenaren bezperan pentsatzen nuen “baina zer esan behar dut? Ipuintxo batzuk dira…”. Julen Gabiriarekin egin genuen aurkezpena, Bilbon. Bezperan gauzak apuntatzen aritu nintzen, oso modu inseguruan.

Erakurleak: Zazpi narraziok osatzen dute liburua. Itxura batean, ez ditu hari batek lotzen: ez dago protagonista tipologia bat narrazioz narrazio errepikatzen denik; edo narratzaile mota bat; ez dira istorioak toki berean gertatzen; ezta garai berean ere… Ziurrenik, zuk lotura batzuk bilatu izango zenituen. Zerk lotzen ditu: bikote harremanak, harreman sozialak… aipagai direla?

Katixa: Harreman horiek ere gerora bilatzen eta marratzen dira. Nik idatzi nuen momentuak eskatzen zidana. Bildu behar duzuenean liburu batean, bolumen batean, eta izenburua jarri behar diozunean, hasten zara pentsatzen, baina idazteko prozesuan ez da buruan izan nuen zerbait. Egia da ez dagoela loturatik. Bigarren liburua ezberdina izan zen. Hor, ideia oinarrizko batetik ipuin guztiak atera ziren. Beste prozesu bat izan zen, Igartza bekarekin… Baina honekin lotura egitea ondorengo teorizazioa izan zen, gehiegi sinesten ez dudana. Zuk esaten baduzu giza harremanak direla… ia ipuin guztietan da hala. Oso gauza lausoa da.

Erakurleak: “Sua falta zaigu” da liburuaren izenburua. Eta lehenengo narrazioa ere hala da. Zergatik izenburu hau eta ez beste bat?

Katixa: Begiratzen badiozu izenburuen zerrendari, besteek ez dute ematen. Ez da izango “Ness lakuko zooplakton haragijalea”… Gauza postmoderno bat balitz, igual. Ahaztuta ditut izenburuak… “Kafe makina elektrikoa” ere izenburu txarra da. “Arazo bat berez” eta “Festa gonbidatuak” ez daude hain txarto. Baina onena “Sua falta zaigu” da eta horregatik aukeratu genuen. Ez dakit inoiz beste izenbururik kontsideratu genuen. Habitat-ekin bai ibili ginela bueltak eta nobelarekin ere bai, baina Sua falta zaigu hasieratik izan zen horrela. Modu literalean irakur daiteke, lehenengo ipuinean falta zaie sua, baina suak gauza asko sinbolizatu ditzake, eta bakoitzak bere ariketa mentala egin dezake.

Narrazioetan zentratuz, bakoitzari buruz zerbait aipatu nahi genuke. Esan dugu lehendabiziko narrazioa Sua falta zaigu dela. Narrazio honetan bi neraberen arteko laguntasuna duzu aipagai. Aurreko astean, erakurleon blogean erakurleei galdetu genien ohiko laguntasun baten kronika ote den, norekin sentitzen ziren identifikatuagoak, “txintxoarekin” edo “deabrutxoarekin”. Identifikazio horietan sartu gabe, zuretzako ohiko laguntasun baten kronika da?

Katixa: Ez dakit ohikoa den, baina uste dut izan daitekela. Nire esperientzian oinarritua dago, beraz, niretzat bada oso gertuko harreman bat. Ipuin hori da liburuko autobiografikoena. Oso argi dago pertsona batean oinarrituta eta oso argi dago oinarrituta gertaera batean gertatu zitzaidana 13 urterekin, lagun batekin… kontatzen dena, gutxi gorabehera. Orain bukatu dut Elena Ferranteren “Adiskide paregabea” irakurtzen, euskaratua izan dena. Hor ere kontatzen da bi neraberen arteko laguntasuna. Ez dut esango gauzak ditudanik komunean, ze nobela hori zoragarria da, baina askotan oso identifikatua sentitu naiz. Idazten ditu 13 urteko nesken artean gertatzen diren gauza batzuk. Gomendatzen dizuet liburua. Oso ona da.

Autobiografia aipatu diguzu.  Bigarren narrazioa “Ness lakuko zooplakton haragijalea” da eta, hain zuzen ere, zure biografia begiratuta, jakin dugu Ness lakuko gidari lanetan aritu zinen denboraldi batez. Batzutan autobiografia eta fikzioaren arteko muga horiek bereiztea zaila izaten da, idazleak bere eta bere inguruaren arrastoa uzten duelako narrazioetan. Ez dugu galdetuko ea dekadentzian dagoen bikote harreman bat deskribatu zenuena zurea ote zen, baizik narrazio honetan dauden mito eta magia kontuetara joko dugu. Zientzia fikziora hurbiltzeko saiakera izan zen?

Katixa: Ez dut uste zientzia fikziora iristen denik, baina badu zerbait azaldu ezin dena. Edo azaldu daitekeena. Badago zerbait iluna, ezin azalduzkoa, edo dena da oso prosaikoa. Uste dut bietara irakur daitekeela. Autobiografiari dagokionez, errealitatea eta fikzioa beti nahastatuta daude. Behin idatzita, ez dakizu zer den egia eta zer gezurra. Uste dut idazleak modu desberdinean bizitzen duela hori; eta ez irakurleak bizi duen moduan. Nire lagunei, adibidez, ezinbestekoa zaie liburua irakurtzea klabe horiek topatu nahian: “hemendik zer hartu duzu… niri buruz ari zara…”. Eta jendea moskeatzen da, beraiei  buruz ari zarela uste dutelako… eta ez! Hain zuzen ere, ipuin horretan neskak Leire izena du, eta momentu batean esaten da txakurrei beldurra diela. Deitu zidan lagun batek eta esan zidan: “jo, eta Leirez gogoratu zara, berak ere beldurra zien txakurrei! Beregatik jarri diozu izena!”… eta ez! Nik ere beldurra diet txakurrei! Gehiago izan da niretik Leiregatik baino! Leire oso izen komuna da… Joko asko dago fizkioa eta errealitatearen artean, eta joko hori zabaldu daiteke norberak idazten duen solapako biografia horretara. Normalean serio hartzen dugu, baina zergatik izango da egia?

Xabier Mendiguren: Hasi ginenean “zer jarriko dugu: Ez dakit zertan lizentziatua zarela, orain doktoregoa egiten ari zarela…?”, esan zidan: “ez, ez, ez. Jarriko dugu txorakeriaren bat”.

Katixa: Konbentzioak dio solapan dagoena benetazkoa dela eta barruan dagoena gezurra. Baina azkenean denek uste dute barrukoa ere egiazkoa dela, ba begira… Ness lakuan egun bakar batean egon naiz nire bizitzan, ez naiz inoiz gida izan.

Hirugarren narrazioa dugu “Hirugarrenik Asier”. Bi lagun ditugu: neska heterosexual bat eta mutil homosexual bat. Urte askoan harremanik izan ez dutenak eta mutila ezkontzen delako berriz harremanetan jarri direnak. Aitortu behar dizut bukaerak harritu ninduela, oso umoretsua delako… Dramoi bat espero nuen, eta ez bere barruko artista deskubritzea!

Katixa: Egia esan, ipiun hori idazten oso ondo pasa nuen. Oso dibertigarria izan zen. Ezkontza bat beti da lehenengo mailako material literarioa. Beti aterako da ongi istorio bat ezkontza batean. Antzerki bat da, biltzen den jendea hain desberdina… Dibertigarria eta umoretsua hasieratik izan zen nire buruan, nahiz eta neska momentu ilun batean egon. Ipuin hori katxondeo hutsa da.

Erakurleak: “Festa gonbidatuak” bikote lesbiana eta intelektual baten istorioa da 60. hamarkadan. Oso ongi eramaten duzu irakurlea garai hartara.

Katixa: Gehien gustatzen zaidan ipuina da. Bereziena ere bada. Beste garai batean kokatuta dago, Estatu Batuetan, urrunen denboran eta espazioan. Agertzen diren pertsonaiak benetazkoak dira, eta hori ere ez da gertatzen beste narrazioetan. Bene-benetakoak, beren biografietan oinarrituta. Ia kasualitatez topo egin nuen liburudenda batean, Madrilen bizi nintzenean, Patricia Highsmithen maitale baten memoria liburuarekin. Kontatzen zituen Patricia Highsmithekin bizi izandako urte horiek, gutxi izan baziren ere. Interes handiz irakurri nuen nola bizi zen garai hartan -bestela ere nahiko interesgarria zaidana Estatu Batuetan-, lesbianen giroa –oso ezkutuan-… eta gainera, Patricia Highsmithekin txoratuta nengoen. Oraindik ere asko gustatzen zait. Interes handiz irakurri nuen, hainbeste ezen ipuin hori etorri zitzaidala. Ipuin hau zaharrena da, sail honetatik lehenengo idatzi nuena.

Xabier: Gonbidatuak ere egiazko pertsonetan daude oinarrituak?

Katixa: Uste dut ezetz. Egiazkoa da hor bizi zirela, giroa, biak bizi zirela, lagun asko etortzen zitzaizkiela…

Erakurleak: Patricia Highsmithen hain zalea izanda, horrelako harreman bat zuela ikusita, nahiko desorekatua, bera desmitifikatzeko balio izan zizun?

Katixa: Ez, ez. Autorea interesgarria iruditzen zitzaidan, eta jakin nahi nuen gehiago haren bizitziari buruz. Eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Oso pertsona interesgarria da. Aguantaezina, baina nik ez dudanez aguantatu behar…

Erakurleak: “Kafe-makina elektrikoa”-n inorekin gehiegizko harreman sozialak izan nahi ez dituen bikote bat da protagonista, baina bizilagunengana lotzen ditu zaletasun komun batek: kafea hartzea. Oso bikote ezberdinak dira: kanadiarrrak batzuk, besteak bertakoak; adinean sartuak lehenak, besteak gazteak… Laguntasunak ez du mugarik?

Katixa: Beno, lagunak ere ez dira egiten. Gehiago da bikote apatiko baten istorioa, oporretan dagoena baina ez bereziki disfrutatzen, eta nola tartekatzen den heriotza euren bizimoduan, beraien borondatearen kontra. Harreman hau saretzen dute, ia nahigabe, kafea dela eta, eta gero gainera heriotza azaltzen da, gutxien espero zuten tokian eta momentuan. Inork ez du espero kanping batean alboko karabanan norbait hiltzea. Baina hala gertatzen da.

Erakurleak: Ipuin honen bigarren zatia idatzi bazenu, hurrengo oporraldian ez ziren bizilagunekin harremanetan jarriko, ezta?

Katixa: Kar kar kar. Hala ere zeozer gertatuko zen! Gafeak dira!

Erakurleak: Azken aurrenekoa “Arazo bat berez” da eta inplizituko Simone de Beauvoir aipatzen duzu (“propaganda misoginoak mende luzez zabaldutakoaren aurka, sexu indartsuena dugu emea (eta ahulena arra”)). Hau ere krisian dagoen bikote bat da eta heriotzaren mamua ere hor dabilkiona, gizonaren gaixotasun baten bidez. Ezkontzeko proposamena egina dio gizonak eta emakumeak, gaixo dagoela ikusita, ia baietz esango dio. Heriotzaren mamua urruntzen denean berriz agertzen da krisia, nahiz eta elkarrekin jarraitzen duten. Niri horrelako bukaerak izugarri tristetzen naute…

Katixa: Ba sentitzen dut. Ziurrenik efektu hori bilatu nahi nuen. Oso ahaztuta daukat ipuin hori…

Erakurleak: Eta bukatzeko… “Horrela bukatu” da, ez kasualitatez. Katixa, beharrezkoa al zen halako krudeltasuna gauze telefonoz deitzen zuen neska maitemindu gaixoarekin?

Katixa: Kar, kar, kar. Oso kabroia da, bai, egia da. Noraino hel gaitezken guretzako tontakeria bat den zerbaitetan. Berarentzat tontakeria bat da, eta beste pertsona batekin ari da jolasten oso era krudelean, baina gero ez dauka horren kontzientziarik.

Erakurleak: Idazteko modu oso zuzena duzu, ulerterraza, egunerokoa. Horregatik, jendea oso identifikatua sentitzen denaren irudipena daukagu, noizbait burutik pasatako gauzak idatziz topatzen dituelako.

Katixa: Hitz egin dezakezu oso gauza sakonei buruz, zuk bakarrik pentsatzen dituzunei buruz, estilo zuzena erabilita.

Hurrengo liburuetan ere estilo hori mantendu duzu.

Katixa: Espero dut estilo bat izatea, hori da idazle guztiok nahi duguna! Hala ere, ez dakit beste modu batera idazten. Hori da horrela idaztearen arrazoia.

Erakurleak: “Sua falta zaigu” argitaratu zenuen lehendabiziko liburua izan zen. Ordutik, helduentzako beste narrazio liburu bat (Habitat) eta aurten, zure lehen nobela (Atertu arte itxaron) argitaratu dituzu. Neurri “motzetik” luzerako jauzia egiteko urte batzuk pasatu dira. Ezinbestekoa zen idazle sentitzen jauzia?

Katixa: Nobela idazteko bai behar izan dudala denbora eta nire buruarenganako segurtasuna. Ideia bat, taxuzkoa eta iraungo zuena behar nuen, eta hori bilatzea kosta zitzaidan. Behin ideia nuenean, eta nobela baterako adina emango zidala ikusi nuenean, nere denbora behar izan dut eseri eta idazteko. Ez da erraza izan, egia esan. Horregatik pasa da horrenbeste denbora.

Idazle bezala, beraz, prozesu oso ezberdinak izan dira narrazio liburu bat idaztea eta nobela osatzea?

Katixa: Niretzat bai, oso ezberdinak. Nahiz eta nire ipuinak nahiko luzeak izan, eta nobelako atalak motzak. Hala ere, mantentzea nire buruarekiko eta nire ideiarekiko interesa hainbeste denboran, oso zaila izan da. Eta gero, batez ere, idazteko momentuan… ipuinak idazten dituzuenean, ideia bat duzu eta idatzi egiten duzu. Eman dezakezu hiru aste, sei, bi hilabete… baina hala ere tarte labur bat da, amaitzen da eta baduzu produktu finala. Horren gainean epaiketa egin dezakezu: ongi dago, edo ez, aldatu daiteke… Perspektiba askoz lehenago duzu, zuzentzen duzu, edo txarra baldin bada alde batera uzten duzu. Nobelarekin, aldiz, ezin da halakorik egin. Fedea duzu. Fedea diot, bere kontzepzio erlijioso guztiarekin. Horretan sinestu nahi duzulako bakarrik jarraitzen duzu idazten, uste duzulako ona dela. Eta pasatzen direnean hiru urte amaitzen duzu, eta orain, perspektibarekin begiratu behar diozu. Zer gertatuko da kaka zaharra baldin bada, hiru urte pasatu ondoren idazten? Alde horretatik, fede hori behar da, ipuinekin hainbestekoa ez dena.

Hau entzunda, badirudi satiskazio pertsonal handiagoa lortu duzula nobelarekin…

Katixa: Bai, ez nekielako gai izango ote nintzen amaitzeko. Eutsi diot erronka honi, eta osorik nago, burua sano…

2011n Birminghameko Unibertsitatean “The girls are coming! Gender, youth and the new Basque Literature” aurkezpen bat egin zenuen. Ordutik hona, egindako hausnarketa aldatu da?

Katixa: Zabaldu nien ideia ez zen izan belaunaldi bat ote ginen, baizik eta euskal literaturan eman den fenomenorik nabariena azken urteetan izan dela emakumeen inkorporazioa, eta gehienak urte/belaunaldi berekoak garela. Horrekin ez dut esan nahi belaunaldi edo korronte berririk osatzen dugunik. Kontu estatistikoki begiratuta, lehenengo aldiz dago historia ehuneko tak bat –txikia dena oraindik ere-, segun nola kontatzen den %20aren bueltan, emakumezkoek osatua eta horrek ez zeukala aurrekaririk. Horren inguruan hitz egin nuen, ez hainbeste literaturari buruzko solasaldia. Zer nolako kritikak, nolako ideiak zabaldu ziren talde honen inguruan, Erasmus Belaunaldiaren etiketa… eta horrelakoak. Ez gara hainbeste. Oraindik oso gutxi gara. Hasieran gaude. Eta utz diezaiotela, mesedez, esateari “neska asko zaudete”. Barkatu: oso gutxi gaude. Eta ez da normala. Normala beste gauza bat litzateke. Eta bestela pentsatzen duenak, pertzepzio arazo bat dauka. Orokorrean emakumeek gehiago irakurtzen dute.

Kuriositate hutsez, autobusean bueltako bidaian ze liburu irakurriko duzu?

Katixa: Ba gaur nire urtebetetzea denez, oparitu didate liburu bat, (Emmanuel) Carrèreren azkena, El reino. Nahiko lodia da. 35 orrialde irakurri ditut eta dagoeneko engantxatuta nago. Kristautasunaren lehenengo urteak eta, antza denez, autorearen fedeaz da, izan zuen halako fase kristau bati buruz.