Askotan, itzultzailean lana itzalean geratzen da, eta aski garrantzitsua da erdaratik itzulitako lan bat erraz eta gustura irakurtzeko (Xagra erakurleak azpimarratu digu iritzi trukean: “Itzultzailearen lana ere azpimarratzekoa da, erraz irakurtzen da, euskarara oso ongi ekarrita dago, ematen du euskaraz idatzita dagoela”.

Horregaitk, Juan Mari Agirreurretari berari eskatu diogu Kondenatu baten azken egunak liburuaren itzulpen prozesua nolakoa izan zen. Hementxe kontatu diguna:

Zergatik itzuli zenuen Victor Hugo? Eta zergatik “Kondenatu baten azken eguna” eta ez Hugoren beste lan bat?

 “Victor Hugok idatzitako Kondenatu baten azken eguna (1829) eleberri laburra nire lehen itzulpen-lana da. Zergatik den autore hori eta zergatik den obra hori, horiek itzulpena egiteko nire bigarren arrazoitzat har daitezke. Arrazoi nagusia zera da, nik nolabait euskal literaturan ekarpen bat egin nahi nuen eta ez nekien nola egin; orduan bururatu zitzaidan obra literario baten itzulpena egitea erronka polita zela. Etxeko liburutegian begiratu nuen eta berehala hautatu nuen Victor Hugorena; izugarri gustatu zitzaidan zortzi urte lehenago irakurri nuenean eta liburu fina eta duina zen.

Nola garatu zenuen itzulpen lana: originaletik zuzenean, beste itzulpen bat erabili zenuen…?

Le dernier jour d’un condamné Parisen bizi nintzela erosi nuen, orain dela 11 urte. Itzulpena, beraz, originaletik egin nuen. Tranströmer suediar poetaren poemak itzuli nituenean (2012), esaterako, zubi-hizkuntzak baliatu nituen; baina frantsesetik ez nuen halakorik behar. Haatik, internet lagungarria izan zitzaidan, batez ere hiztegiaren aldetik, Victor Hugoren hitz asko garaikoak eta argot deritzanari dagozkiolako.

Zenbat denbora pasatu zenuen itzulpen lan honekin?

Eleberri laburra da, baina itzulpena orrazten eta orrazten denbora dezente eman nuen; bost hilabete trinko-edo emango nituen itzulpena egiteko. Azken orrazketa Xabier Mendiguren editorearekin egin nuen eta neguan argitaratu genuen.