Lourdes Oñederrak belztu digu e-rantzuten testa. Hauxe kontatu diguna!

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Etxekoan piiiiiila bat, dorre handiegi bat; ez dut orain denak zerrendatzeko denborarik eta ezta bururik ere: kanpoan nabil eta buruz egin beharko nuke. Badakit Pablo D’Orsen Biografía del Silencio eta Wilhelm Genazinoren Mujeres cantando suavemente hor daudela, noizean behin bueltatu egiten naizelako horietara. Foenkinosen La delicatesse ere hor dagoela uste dut.

Orain bizi naizen lekuko mesanotxean, Victoria Campsen Elogio de la duda. Ia bukatuta.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Inor ez. Genazinoren liburua, esaterako, hainbeste gustatzen zait, non gorroto baino gehiago zerbait oso positiboa (tarteka goxoa) sentitzen dudan autoreaganako.

Euskal alorrean Saizarbitoriak lortu du nobelan inork lortu ez duena, baina asko eskertzen diot hori eta estimatzen dut, gainera, Ramon.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Ezer ez.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Aspaldi ez dut leku horietan irakurtzen, ez naizelako geldirik egoten, ibiltzen baizik. Izatekotan, hondartzan egunkaria larunbat alfer ez beroegiren batean. Baina deserososa da egunkaria hondartzan.

 Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Ana Rosa Gómezen Un gesto que hizo sonar el silencio.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Ez zaizkit superlatiboak eta singularrak gustatzen.

Ze abesti da literatura?

Beste bat, abestiez bestelako abesti bat.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Ez dut aski erreferentzia halako hautaketa bat txantxetan ere egiteko. Adinagatik eta gustatzen zaidanagatik, Sánchez Ferlosiori agian nire botua behintzat.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Ez nuen bakar bat. Badakit Xabiertxorekin sufritu egiten nuela batzuetan eta bestetan gozatu, baina marrazkiengatik batez ere, ikastolan. Andereñok ahoz kontatzen zizkigun Itun Zaharreko kontakizunek bai utzi didate oroitzapen ona. Berak irakurtzen zituen, guk ahoz entzuten genituen. Asko gustatzen zait beste norbatek irakurtzen duena entzutea oraindik ere.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Dylan Thomasenetako bat, edo Yeatsena, bere zahartzarokoren bat.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, erlatiboki asko.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Oro har ez zait gustatzen berrirakurtzea. Nik idatzitakoak badira, are gutxiago. Goian aipatutako Genazino bezalakoak berriz bai, hori behin eta berriz irakurtzea gogoko dut, beti puxkaka.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Bat ere ez.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Nola gerta: galdetzen didanaren eta beste zenbait gauzaren arabera. Dena den, ez zait gomendatzea asko gustatzen. Uste dut bakoitzak bere aukerak egin behar dituela, hanka sartzen bada ere…

Best-sellerrak: bai edo ez?

Gauzek sinpletzen dituztelako badira best-seller, ez; arrakasta handia dutelako badira berriz… kasuak ikusi beharko lirateke, ez? Argitaletxe potenteen puztuketak, ez, inola ere ez.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Ia gehiago gertatzen zait irakurgaiak ni “aukeratzea”… uste ezean aurkitzen dudala, erregalatu egin didatela (hori askotan), autoreagatik, etab. Irakurtze ditudan kritikek ere badute eragina.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Egia esan, ez dakit…

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Joxean Sagastizabalen Peru Apreta mistikoa daukat zain… baita Elena Fortúnen Oculto sendero ere. Pixka bat begiratu ditut eta biak zail begitandu zaizkit…