Miren Agur Meabek E-rantzuten testean hauxe kontatu digu:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Bat ere ez, ohean ez dudalako irakurtzen. Gauerako nekatuegi dauzkat begiak, eta ezin dut leitu. Salan, berriz, pilo ederra izaten dut. Gehienetan bi libururekin ibiltzen naiz aldi berean; une honetan, adibidez, Beti oporretan, Harkaitz Canorena, eta Una historia de amor y oscuridad, Amos Ozena.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Gorroto? Mesedez…

Zer irakurtzen duzu komunean?

Ezer ez. Watsapak bidaltzeko aprobetxatzen dut. Inoiz edo behin, gauza arinak: Pérgola kultur aldizkaria, Berton auzo-aldizkaria…

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Etxean irakurtzen ditudan liburu berak. Paseoan erabiltzen ditut batetik bestera, nobelak nahiz poesia… Udan hondartzan goizean goizetik irakurtzea da nire bizio gozatsuenetako bat.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Neure Urtebete itsasargian, aleak sobera ditudalako.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Sarrionandiaren Narrazioak, euskal literaturara hurbildu nahi duenarentzat.

Ze abesti da literatura?

Anariren asko, adibidez. Klasikoen artean, Mikel Laboarenak entzutea baino ez dago.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Annie Ernauxi, arrazoi askorengatik, baina  bat esatearren bizitza pribatuaren inguruan izaten diren tabuak literarioki gainditzeko eginiko lan berritzaileagatik.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Ume-nerabezaro bitartean, Jane Eyre, Charlotte Bronte. Liburu hori ate bat izan zen helduen literaturara sartzeko.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Castillo Suarezen Souvenir.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Literatur saiakeraren bat bai, noizean behin; esaterako, Lertxundiren Eskarmentuaren paperak. Azkena, erdizka, Valeria Luiselli mexikarraren Papeles falsos.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Edozei liburuk merezi du bigarren aukera bat.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Bat ere ez. Institutuan On Kixote irakurri behar izan genuen, eta kalterik ez.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Gomendioa nork eskatzen duen, bat edo beste. Beste hizkuntza batzuetakoak badira, Buda en el ático (Julie Otsuka); La larga vida de Marianna Ucría (Dacia Maraini); Sueños en el umbral (Fatima Mernissi); Medallones (Sofia Nalkowska); El último informe del padre Damian (Louise Erdrich); Maitea (Toni Morrison)…

Best-sellerrak: bai edo ez?

Niretzat ez, adierazmoldeak atzera eragiten didalako. Hala ere, hobe halakoak irakurtzea ezer ez irakurtzea baino.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Eskuetara etorri ahala irakurtzen ditut liburuak, eta nahi baino gutxiago. Neguan zehar, lanen batekin edo egitasmoren batekin lotura duten testuak leitzen ditut. Uda partean, “nobedadeei” heltzen diet, nahiz eta ordurako hain nobedade ez izan.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Danele Sarriugartek.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Mesanotxera ez, baina poltsara, seguruenik, Goiatz Labandibarren Fotogramak eta Juan Luis Zabalaren Txistu.