CRUSOE

“Iparrorratz okerra dut, beti galtzen naiz.

Ipar, Hego, Ekialde, Mendebaldea.

Laurak  bat.

Denborak ihes egiten dizula sentitzen baduzu

ez nazazu itxaron.

Nora ezak harrapatuko nau;

enbatak, ezinegonak, apokalipsiak.

Baina noragabea desagertuko da eta herstura ere bai.

Gerra zauriak osatuta

munduaren azken muturretik agertuko naiz

bela galdu duen baporean porturatuko naiz

hezurretan eta orbainduta.

Beste ni bat

baina

ni”

Nork ez du ezagutzen Robinson Crusoe pertsonaia literarioa? Daniel Defoe idazle ingelesak sortu zuen 1719an eta ia 300 urte beranduago, oraindik 28 urte uharte batean bakarrik pasatu zuen naufragoa gogoan dugu. Alexander Selkirk izeneko gizon bati gertatutakoan oinarritu zuen istorioa, fikzioaren bidez abentura nobela hau sortzeko -kolonialismo garaiaren adierazle ezinhobea ere badena-.

Selkirk itsasgizon eskoziar bat izan zen, 1709an erresketatu zutena, lau urte lehenago Txileko uharte batean  naufragatu ondoren (Selkirkek urte haiek pasatu zituen irlak, orain, Robinson Crusoe du izena). Ibn Tufailek XII. mendean idatzitako Filosofo autodidakta liburuaren eragina ere nabarmena omen da Defoeren lan honetan.

XX. mendeak, zinema sortu izana izan du ezaugarrietako bat. Eta Robinson Crusoeren abenturak ere egokitu dira pantaila handirako, behin baino gehiagotan. Horri ere, ziurrenik, zor diogu XIX. mendeko irakurleon memorian jarraitzea XVIII.ean idatzitako liburu hau.