Oporretatik bueltan, ohikoa da (autoz bidaiatu bada, bederen) etxera bidean gasolindegian geratzea depositua betetzeko.

Guk ere horixe egingo dugu hilabete honetan, eta Yurre Ugarteren Gasolindegian narrazio sorta irakurriko dugu.

Egilearen beraren webgunetik hartu dugu liburuaren azalpena:

“Zazpi kontakizun hauek elkarlotzen dituzten hariak hala ikustezinak nola agerikoak dira. Nahi izanez gero, narrazio zurrun eta banakakoak dira. Nahi izanez gero, narrazio baten sustraiak bestearen adarrera eramango zaitu, baten adar puntatik beste baten bihotzeraino joango zara, guztien arteko baso sakona osatu arte, nahieran.

Egun arrunt batean gertatu ohi zaigun bezala, kontakizun hauen baitan denboran eta espazioan atzera eta aurrera egiten da. Bizitakoaren, amestutakoaren eta gogoratutakoaren artean diferentziarik ez dagoelako. Eta irudimenaren bitartez eraikitzen dugulako guk geure errealitatea, are gehiago errealitate literarioaren kasuan”.