Patxi Zubizarreta

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Julia Butterflyren El legado de Luna amaitu berritan, Najat El Hachmiren Azken patriarka nobela daukat zain.

Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Aipamenetan hasiz gero, ez nuke amaituko, baina ez da gorrotoa, inbidia hutsa baizik.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Umetan, sekadorea (orduko garbigailuek artean ez baitzuten funtzio hori) etxeko komunean egoten zen, eta han beti komikiak eskura. Gaur egun krema eta gainerakoen letra txikia irakurri ohi dut, besteak beste portugesez, frantsesez edo alemanez xehetasunak nola ematen diren ikusteko, itzulpenaz jabetzeko (biraoak asmatzeko, produktuen konposizioko osagaiak bezalakorik ez dago!).

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Aisiarekin lotutako tokiak denak ere, halakoetan liburu arinak betiere, edozein, edozer, baina bat aipatzearren, niretzat eredugarria den Kressmann Taylor-en Paradero desconocido nabarmenduko nuke (Ezezaguna helbide honetan itzulpena ere badago, baina ez zait gozagarria).

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

Euskaratu gabe dagoen Rafik Schamiren Narradores de la noche; Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona ere sarri oparitu dut.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Frantzisko Laphitzen Bi saindu hescualdunen bizia prosa aldetik zoragarria —imitagarria— da, baina niregan zirrararik handiena beharbada Obabakoak eragin zuen, Pariseko euskal etxean nengoela, Bois de Boulogneko lorategietan (o tempora, o mores!), plazera ikaragarria izan zen.

Ze abesti da literatura?

Nire gustuko liburuek fado ahairea dute (hortixe dator gure patu hitza), edo bossa novarena.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Ez dut inor horrenbeste gorroto, saria jasotakoan normalean idazleak hondoratu egiten dira.

Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Ikaragarri hunkitu ninduen Genobeba Brabantekoaren bizitzak, hiltzeko agindua zuten morroiek bihotza erreginari eraman behar zioten, baina animaliaren batena eraman zuten haren ordez. Bestela, Los Cincoren abenturak, orduan gaztelania baitzen nagusi… Tamalez, oso gerora deskubritu nuen Joxe Arratibel ataundar kuttunaren Kontu zaharrak liburua.

Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

Sarriren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak bilduma aparta da eta dena dago bertan, baina Gandiagaren Denbora galdu alde hunkigarria zait, edo Irigoienen Bi urtetako kronika fakultatiboa… Miren Agur Meabek ere sentsualitate eta ausardia handia ekarri digu.

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, joera handia dut, izan entsegu mozorrotuak diren Paniker xaharraren memoriak, izan Kapusinski edo Leguineche kazetarien bidaia liburuak, izan Lertxundiren Konpainia noblean, Eskarmentuaren paperak… miresgarriak. Emakumezko idazle arabiarren lanak ere ikasgai galanta iruditzen zaizkit, hala nola Joumana Haddad-en, Yo maté a Sherezade edo Saphia Azzeddine-ren, Confesiones a Alá.

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Ezin dizut erantzun, irakurketa jeneralean plazerarekin eskuz esku etorri zait eta irakurgai txarrak ahantzi egiten ditut.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Julio Caro Baroja zenak zioen gazteei ezin zaiela agindu bere osaba Pio Barojaren El árbol de la ciencia, desegokia, zailegia dela, eta hobe dela Zalacaín el aventurero, adibidez; baina nik ez nuen horren oroitzapen txarrik eta oraintsu gozatu egin dut semearekin batera irakurtzean.

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Normalean erantzun ezinik geratzen naiz, geroago etortzen zaizkit burura, baina goian nabarmendutako edozein izan daiteke, edota Sarriren poesia bilduma bezalakoa zaidan Mila gau eta bat gehiago, hor ere denetarik baitago eta, batik bat, sentsualitate handia. Julio Villarren ¡Eh, Petrel! itsas bidaia liburua ere paregabea iruditzen zait.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Amin Maalouf-en Samarcanda edo León el Africano bezalakoak badira, zergatik ez; hala ere, oro har, errezelo handia pizten didate.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Sarri joaten naiz Ignacio Aldecoa liburutegira eta han oso aukeraketa ederra topatu izan dut, bestela askotan gehigarrietatik edaten dut, eta liburuzain-saltzaile finengandik. Aurreko batean, Danele Sarriugarteri irakurri nion urtebetez emakumezko idazleak irakurri zituela, europarrak ez zirenak ahal zela, eta aurten irizpide hori oso presente daukat, inondik ere ez zait txorakeria iruditzen; hala bada, berehala hartu nuen Clara Janésen Guardar la casa y cerrar la boca.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Galdetegi honexen irakurleak, zuk zeuk.

Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Mesanotxean —barka etena, baina Iparraldeko zenbait tokitan talanita esaten diote: mesa de noche bataren jatorrian eta table de nuit bestearenean…, ederra da, ezta?— aspaldian ez dut libururik izaten, gauerako jeneralean leher eginda egoten naiz eta. Baina etxe osoa ikusiko bazenu…