“Teak erre egiten zuen, bai, baina oso gozo zegoen. Azukre garratzagorik!”

Laranja bat zaborretan. Patxi Zubizarreta

Tea hartzea edari bat zurrupatzea baino askoz gehiago da herrialde arabiarretan: erritual bat. Tea eguneko edozein garaitan hartzen da Magrebeko herrialdeetan, eta abegiaren eskertza da: gonbidatuei beti eskainiko diete.

Esaten dutenez, hiru alditan zerbitzatu  behar da tea -alditik aldira azukre gehiagorekin-, eta hiru katilutxotan edan, bizitzako hiru garai gogora ekartzeko: lehena, bizitza bezain garratza; bigarrena, maitasuna bezain sendoa; eta azkenekoa, heriotza bezain gozoa.

Erabat errotua badago ere, tea hartzeko ohitura XIX. mendekoa baino ez omen da. Marokoro britainiarrek (Indian ezagututa) eraman omen zuten, eta handik barreiatu da.