Yurre Ugarte Gasolindegian liburuaren idazleak erantzun digu e-testa:

Zein liburu d(it)uzu mesanotxe gainean?

Mesanotxe gainean, ia fosildua, liburua bera mesanotxe bihurtzekotan honezkero, Lao Tzeren Tao te king daukat eta orrialde baten irakurketak gutxienez hamaika hilabeteko hausnarketa (edo antzeko zerbait) eskatzen duenez, fosiltzen jarraituko duela iruditzen zait. Mesanotxearen azpian/ondoan, berriz, egunotan irakurtzen nabilen Harry Crewsen Autoa eta  Joseph Campbellen El poder del mito.

 Nor gorroto duzu zuk idatzi nahiko zenukeen liburu hori idatzi duelako?

Idazle dadaista oro.

Zer irakurtzen duzu komunean?

Amaitzea kostatzen zaizkidan liburuak, Martutene hor eduki nuen. Ordea, aspaldian, liburu gutxi komunean; bertan dauden txanpuaren eta bainuko gelaren etiketak eta horrelakoak irakurtzen ditut.

Eta hondartzan, igerilekuan, mendian…?

Hondartzan, Nabokov, eta mendian ia beti, irakurri beharrean, beste edozer egiten  bukatzen dut.

Zein da gehien oparitu duzun liburua?

JG Ballarden Crash.

Euskal liburu gomendagarriena, zein da?

Bakarra ezin aukeratu. Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa eta Lagun izoztua, Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan, Xabier Montoiaren Anfetamina, Saizarbitoriaren hiruzpalau. Azkenekoen artean, Ixiar Rozasen Beltzuria eta abar eta abar, zerrenda luzea da.

Ze abesti da literatura?

Nick Caveren From her to eternity, adibidez. Ordorikaren abesti asko eta asko.

Nori emango zenioke Nobel saria?

Mircea Cartarescuri.

 Umetako liburu kuttuna zein zenuen?

Pinotxo.

 Poesia liburu bat gomendatzekotan, zein izango litzateke?

2015eko aurkikuntza bat, Beatriz Chivite Ezkietaren Metro (Ernestina Champourcin poesia lehiaketaren euskarazko irabazlea).

Entseguak irakurtzen dituzu?

Bai, maiz. Azkenak; Montaigneren bizitzari buruzkoa, Sara Blackwellen A life of Montaigne in one question and twenty attempts at an answer eta Longinoren De lo sublime grekeratik gaztelaniara Gil Berak itzulia. Euskaraz, Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan, Juan Gorostidiren Lau kantari

Zer ez zenuke berriz irakurriko?

Erabat irentsi behar nau liburu batek berriro irakurtzeko modukoa izateko, beraz oso liburu gutxi irakurtzen dut birritan.

Eskolan irakurtzera behartutako ze liburu gorroto duzu?

Txomin Agirreren Garoa, Pérez Galdósen Miau

Liburu bat gomendatzeko eskatzen dizutenean, zein izaten da?

Azkenaldian Siri Hustvedten El mundo deslumbrante/The blazing world gomendatzen dut.

Best-sellerrak: bai edo ez?

Ez ditut liburu salduenen zerrendak begiratzen. Hala ere, bai, lasai asko irakur nezake best-seller bat.

Nola aukeratzen duzu zer irakurri?

Askotan ausaz edo txiripaz heltzen naiz irakurri ondoren liburu ezinbestekotzat joko dudan horretara. Nire joerak eta pasioak ezagutzen dituzten lagunen aholkuen bidez ere aukeratzen ditut. Eta, nola ez, aldizkari, argitaletxeen webgune, blog eta halakoetan kuxkuxeatzen aritzen naiz.

Nork nahiko zenuke erantzutea galdetegi hau?

Lutxo Egiak.

 Ze liburu izango da mesanotxera eramango duzun hurrengoa?

Tracey Eminen Strangeland eta Julen Belamunoren Gaueko zaindaria.