2012-2013

Literatur solasaldiak

Dinamizatzailea: Ane Mayoz
Lekua: Xenpelar Etxea. Maddalen kalea, 32
Ordua: 19:00

Azkeneko solasaldia, maiatzaren 15ean, Lander Garroren Kontrarioa liburuarekin bukatu genuen.

Idiarenaren tamainako lepoa zeukan morroia ikusi bezain pronto jakin zuen Oliveirak eguna hala amaituko zuela, gela kirasdun hartan azalpenak ematen. Ezin zuen bestela izan. Kaskoan larruraino moztuta zeraman ilea morroskoak, eta Oliveirarengana hurreratuta liburuak arreta gabe hartzen hasi zen. Liburuak erosi nahi dituenak azala miatzen du, atzeko gezurrak irensten ditu, autorearen argazkia begiratzen du… zalantza handiak dabilzkio buruan: erosi, ez erosi. Denak erosi nahiko lituzke, baina badaki ezin duela. Ez zen hura idi lepoko morroi kaskamotzaren kasua. Edozer hartzen zuen esku artean, sukalde liburuak bezala haurrentzako ipuinak, Oliveira zeharka zelatatuz. Nobela baten kontrazala irakurtzen aritu zen Oliveira, morroiak zer egingo. Morroiak itzuli txiki bat egin zuen eta aldamenean jarri zitzaion berriz. Ez zegoen dudarik. Jostailuen korridorean sartu zen Oliveira, pauso arinez iheska; ezkerrera gero, brikolaje-gaien artean geratu zen, torlojuen artean arretatsu. Morroiaren burua korridorearen beste muturrean agertu zen orduan. Akabo. Torlojuak bere tokian utzi eta kutxara abiatu zen zangoka. Bidean koaderno bat eta boligrafo kaskar bat hartu zituen, zer ordaindua izatearren.

Hantxe zeukan beste bat zain. Lehena ez bezala, laneko uniforme morearekin jantzia: txikiagoa, biribilagoa. Altoa eman zion kutxatik pasatu ondoren.

 Irakurri dossierra Issuu-n

Apirilaren 17ko solasaldian, landu genuen liburua Eider Rodriguezen Katu jendea izan zen.

Katu Jendea - Eider Rodriguez Martin

Ondoz ondoko lursailetan bizi diren andre-gizon bakarti bi, euren katuen harremanek elkartuak; eroritako hagin baten ondorioz eskolako lagun ahaztuarekin topo egitera beharturiko erizaina; oporrak gurean pasatzera datorren haur sahararrak etxekoen artean eragindako aztoramena; bi lagun errepidean, berriketa axolagabean; Parisen aberats izatera jolasten diren neska gazte parea… Hemen eta gaur giroturiko zazpi istorioetan barrena, gizon-emakumeen sentimendu esan gabeko eta ahultasun ezkutuetan arakatzen du Eider Rodriguezek: desiraren zirrikituak, edertasunaren on-gaitzak, diruaren morrontzak, sexualitatearen ernetzea, ilusioen itzaltzea… Lurralde lanbrotsuetan mugitzen dira ipuin hauek, luma bisturitzat harturik, kontaturikoa bezain inportatea dutelarik isildurikoa.

Irakurri dosierra Issuu-n

2013ko martxoaren 13an Gaizka ZabarterenZaharrak ez zuen hil nahi eleberriaz jardun genuen.

Zaharrak Ez Zuen Hil Nahi - Gaizka Zabarte

Kontua honela hasi zen. Ea etxean nengoen galdetu zuen, eta ni neu nintzela baieztatu zuenean, ehorzlea zela esan zidan, nirekin hitz egin beharra zuela, lehenbailehen elkartzea gustatuko litzaiokeela. A, esan nuen. Ez dut esango basakatua gauez bezain azkarra naizenik, baina goizeko zortzietan, zortziak baitziren, ez naiz gauza askoz gehiago esateko.

— Barka, baina nor esan duzu zarela?

— Lur-emailea.

— A.

nuen edo, hobeto esanda, banekien nor zen. Auzokoa zen, hazi nintzen auzokoa, eta umetatik nengoen ikustera ohituta, ez ordea berarekin hitz egitera, ez bainintzen berarekin sekula solasean aritu egun hartako goizeko zortziak arte, nire oroimen gero eta fidagaitzagoaren arabera bederen.

— Eta noiz gera gintezke?

— Ordubete barru kanposantuan —ihardetsi zidan.

zuen gehitu ondo badatorkizu edo antzeko kortesiarik. Ordubete barru kanposantuan. Horrela esanda, eta are gehiago orain idatzita dakusadala, duelu baterako hitzordua dirudi edo ezkutuko lanen bat planifikatzekoa bestela. Ordubete barru kanposantuan, esan egin behar da gero, neroni azken urte mordoxka batean hiriaren beste muturrean bizi naizela jakinda, ze ziur naiz ondotxo zekiela.

Irakurri dossierra Issuu-n

2013ko otsailaren 13an landu genuen liburua Mikel PeruarenarenEz obeditu inori izan zen.

Ez Obeditu Inori - Mikel Peruarena

Heldu dira soka mutur guztiak korapilo bakarrean lotzera, bukatzear dago kontakizuna, eta hala ere Estudianteak hisiatuta jarraitzen du irakurtzen eta idazten ikas dezadan. Zenbat aldiz saiatu ote da bi urte hauetan? Baina alferrik da, lepo gainean dudan arroka tzar honekin alferrik izango da, noski. Eta hala ere gaur berriro saiatu da, zakurraren ipurtzuloan eserita geundela —horrela esaten diogu Ramiroren tabernako eskailerapeko zuloari, pipiak erasandako mahai-aulkien txokoari—, zakurraren ipurtzuloan Frantsesaren zain eserita geundela, beste ahalegin bat egin nahi izan du. Gutunazal bat atera du lebitaren barruko sakelatik, eta zirriborro batzuk egin dizkio lapitzarekin. Bukatu duela iruditu zaionean nire aldera itzuli du gutunazala. Ezetz egin diot buruarekin, lepo gainean dudan arroka tzar honekin, ez dudala konprenitzen, nekaturik nagoela, ez dudala inoiz konprenituko, uzteko lasai, ez dudala gogorik, nekaturik nagoela, alferrik dela, heldu direla soka mutur guztiak korapilo bakarrean lotzera.

Irakurri dosierra Issuu-n

2013ko lehen solasaldian, urtarrilaren 16an, landuko dugun liburua Uxue Alberdiren Aulki-jokoa izango da.

“Inork ez luke galtzetan pixa eginda hil nahi. Biluzik hiltzea baino okerragoa da hori, duintasun izpirik gabe. Nik, nola hil nahi dudan galdetzen didatenean, lore moreak dituen soinekoa jantzita erantzuten dut. Daukadan politena da”. Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.

Irakurri dosierra Issuu-n

Hirugarren solasaldian, abenduaren 12ean, landu genuen liburua Garazi KamiorenBeste norbaiten zapatak izan zen.

Ez dakit beste norbaiten zapatak jantzi dituzun noizbait. Maitale desleial batenak, esate baterako, harengana hurbilduko zintuztelakoan. Ez dakit brikolaje aulki deseroso batean egon zaren bere zain, eta tarteka emakume tristeagoekin larrua jo. Agian zain zaude petrolio plataforma abandonatu batean, bizilagunen zoriona jasateko gai ez zarelako. Ahaztu dituzu seme-alaben izenak ere. Gonbidatu lotsatia zara, apika. Ez dakizu dantzan, baian agertokira igoko zinateke eta kantuz hasi, badakizulako heriotzak ez duela inor kantuz harrapatzen. Beharbada erauzi egin dizkizute hegalak, errautsa jarri betazalen azpian, arkatz hautsiez altxatu ezkatak, edota lixibaz busti ezpainak. Min hori ezaguna zait. Min guztiak dira berdinak.

Irakurri dosierra Issuu-n

Bigarren solasaldian, azaroaren 14ean, landuko den liburua Anjel Lertxundiren Ihes betea izango da.

Ihes beteaWarner gazte hitlerzale bat da gerra aurreko Alemania nazian. Sekretu handi bat gordetzen dute bere familian, eta sekretu hori ageriko egiten denean, ihes egitera behartuta egongo da Warner Europan barrena: Triestera aurrena, Frantziara gero. Lertxundik, hausnarketa eta ekintza, suspentsea eta jakin-mina elkar txandakatuz darama irakurlea oztopoz oztopo azken liluragarriraino. Eleberri honek ez du inor hotz utziko. Gogoan iltzatuta geratzekoak dira gertatzen diren gauzak, esaten diren hitzak, isiltzen direnak, eta, batez ere, bere orrialdeetan barrena aurkezten zaizkigun pertsonaia gogoangarriak eta haien historia hunkigarriak.

Irakurri dosierra Issuu-n

17an hasiko gara Iban Zalduaren Etorkizuna liburuarekin.

Etorkizuna (Narrazioa/ Eleberria)

Orainari dio zuhur-hitzak, ‘etorkizuna gure esku dago’ errepikatzen dute nekagaitz medioetan. Eta bien bitartean, iraganari begira, mirarik gabe bada ere, ari da Zaldua ipuin-sorta berri honetan. Zer ote du iraganak halako setaz aldatu nahi izateko. Beharbada ez gaude iraganaz oso harro eta horregatik aldatu nahi genuke. Autoreak bere aurreko ipuinetan erabili ohi dituen osagaiak erabili ditu liburu honetan ere: ironia erregosi apur bat, zientzia fikzio ukitu sinesgarriez lurrindua, absurdotik atximur bat, egunerokotasunetik koilara bete, akaso giza harremanen gatzak gazituago dator oraingo honetan; beti bezain iradokizunez betea, hala ere. Ez da erraza esaten horietako zein osagaik behartzen duen irakurlea ipuin bakoitza hasi eta bukatu arte ez eskuetatik uztera, beharbada denen nahasteak. Segurua dena da ipuin bilduma irakurri eta nekez ahaztuko dituela bertan kontatzen direnak eta aktoreak.

Irakurri dosierra Issuu-n