2013-2014

Literatur solasaldiak

Dinamizatzailea: Ane Mayoz
Lekua: Xenpelar Etxea. Maddalen kalea, 32
Ordua: 19:00

Maiatzaren 14ean, 2013-2014 denboraldiko azken solasaldia Bernardo Atxagaren Zeru horiek liburuarekin bukatuko dugu.

Hogeita hamazazpi urte betetzera zihoan andrea zen, bizitzaren azken mutturra kartzelako hormen artean pasatakoa. Taxitik jaitsi eta, larruzko maletari bi eskuekin helduz, Barcelonako tren geltokiaren ate automatiko bati begira gelditu zen, hain zuzen ere kristalezko superfizie hartan bere gorputz osoaren irudia azaltzen zelako. Bai, hantxe zeuden bere belaun-izterrak, bere panty beltzak; hantxe zeuden bere antezko txaketa Sidaren laxo gorriarekin eta bere buru ile motx-motxekoa. -Ez nago hain gaizki. Belaun politak dauzkat oraindik -pentsatu zuen. Bere gorputza osorik ikusteak deitu egiten zion. Kartzelako ispiluek ez zuten 40 zentimetrotik gorako luzerarik izaten”.

Irakurri dossierra Issuu-n

Apirilaren 11ean, Inazio Mujikaren Gerezi denbora liburuaz hitzegingo dugu.

 Benetan gertatua da: anarkista batek eta apaiz batek antolatu zuten

CNTk atxilotutako Artzapezpiku bat askatzeko ekintza.
Gerra denborako beste hainbat gertaera bitxi –benetako nahiz
alegiazko- kateatu dite egileak, film baterako ari balitz bezala, irakurlea
ezusteko bihurgunetan barrena ekartzeko: Bilbotik Donostiara,
atzeguardiatik lubakietara, komediatik dramara…
Baina Gerezi denbora ez da gerrako nobela bat.
Gerezi denbora amets bat da, laburra; kantu zahar bat da, ederra, Andresek, nobela
honetako protagonistak, Bilbon, ezpain libertarioetatik ikasia.
Gerezi denbora nobela bizi-bizia da, Inazio Mujikaren irakurleak aurrenik harritu eta
berehala txunditu egingo dituena. Ezpainetan irria uzten du; eta eztarrian, errea.

Irakurri dossierra Issuu-n


Martxoko Literatur Solasaldian, hilaren 12an, Karmele Jaioren Ez naiz ni liburua izango dugu hizpide.

Zerbait falta dute, zer den ondo ez badakite ere. Gaztetasunaren azken izpiez gozatu nahi dute batzuek, lehengo garai ustez eder haiek berreskuratu; esperientzia berriak bilatuko dituzte beste batzuek, modu batean zein bestean, edo hondatzen hasitako harremanak biziberritzen saiatu. Bizitzaren erdialdean daude denak, eta horrek eragiten dien ezinegonean beren tokia aurkitu nahi lukete. Pertsonaia batek dioen bezala, zailena ez baita zahartzea, zahartzen hastea baizik.
Irakurri dossierra Issuu-n


2014ko otsailaren 12an, euskarazko solasaldian, Unai Elorriagaren SPrako tranbia liburuaz hitzegin genuen.

Entzun duzu, Lucas, 4.000 milioi koadro bat. Alegia, tipo bati enkargua egin ziotela XVI edo XIV. mendean. Carlos, Felipe edo Duncan erregearen ilobari erretratua egin behar ziola. Eta Carlos, Felipe edo Duncan erregearen iloba zatar-zatarra zen; edo zatarra ez, demagun ez zela fotogenikoa. Eta enkargua jaso zuen tipo hori ez zen, jakina, tipo arrunta: pintore famatua zen, are famatuagoa XXI. mendean. Baina koadroa ganorarik gabe egin zuen, zazpi egunez egon zelako beherakoak jota, edo seme bat hartu ziotelako gerrarako. Eta orain Kultur Ministerioak erosi du koadroa -telebistak esan du: 4.000 milioi-, hiru urteko ume batek ere baitaki zein inportantea den patrimonio kulturala; horrexegatik ez dizkie uzten eskolako lagunei plastilina berdez egiten dituen labezomorro abstraktuak. Horrexegatik eta ez dizkiotelako 4.000 milioi ordaintzen.

Irakurri dossierra Issuu-n


2014ko urtarrilaren 15ean Solasaldien laugarren saioari ekingo diogu, Arrate Egañaren Paradisua liburuaz hitzegingo dugu.

“Bero egiten zuen. Itsasoaren orroa besterik ez zen entzuten. Ilargiaren argiak paisaia mudatu zuen; bazter ezagunak oihan kezkagarri bilakatu ziren, mundu irreala, bake eta bakardadea. Ulertzen nuen toki harekiko lilura. Sorbalda okertua igurtzi nion. Bizkar osoa, lepoa. Basagiroaz kutsatuta edo, sudurra lokiraino hurbildu nion, mendiari zeriona bezain neutroa eta freskoa zen lurrin hura beste behin dastatu guran. Tupustean etzan egin ginen izarpean, adartxo, hartxintxar eta sasizko lardaska hartan, elkarri antsiaz musuka.”

Irakurri dossierra Issuu-n


Abenduaren 11ean, Literatur Solasaldien 3. saioan, Xabier Etxaberen Lurtarra da begiratua liburua izango dugu hizpide.

Amaren kontuak kontatzen hasi zait Jexux bere ondoan eserita nagoela. Belarriak erne jarri ditut eta, hainbestetan kontatu duen kontu bera izanagatik, lehenengo aldia balitz bezala entzun diot; arreta osoz, ipuina nola bukatuko den ez dakien haurrak egiten duen moduan.

Sarritan kontatzen ditu Jexuxek bere ama zenaren pasadizoak. Inork eskatu gabe haste da hitz egiten, maiz telebisioan ematen ari diren pelikularen zatirik interesgarriena zapuzten duela konturatu gabe.

Irakurri dossierra Issuu-n


Azaroaren 13an ekingo diogu Solasaldietako bigarren saioari. Arantxa Iturberen Ezer baino lehen liburuaz hitzegingo dugu.

Ezer baino lehen gauza bat esan nahi dinat, bota ez zidan ba lelo hark festa hasteke zegoenean? Bera ezkondua zela eta gertatzen zena gertatuta ere ez zuela bere emaztea uzteko asmorik. Nahi bazuen argazkai bat ohe buruan jarriko genuela, nik, eta emaztearenik ezetz baina ikusi nahi banituen, alabaren bi, beti patrikan eraman ohi zituela erantzun zidan serio-serio. Zereginik ez zegoela eta baietz, ea ba nolakoa zen umetxo zoragarri hura, ezagutzeko irrikiz nengoela eta. Eta okerrena, zutitu, galtzetaraino inguratu, lasai-lasai kartera atera eta niri, ustez gaurik zoragarriena izan behar zuena izorratu dizut esanaz begiratzen zidan enana baten fotografiak inguratu zizkidala…

Irakurri dossierra Issuu-n


Urriaren 16an hasiko gara berriz ere Literatur Solasaldiekin Ane Mayozen eskutik. Patxi Zubizarretaren Eztia eta ozpina liburua izango dugu aztergai.

Marokon, 1990eko hamarkadan gaude. Gazte magrebtar askoren antzera, Selimek Maroko hitsa utzi, eta Paris distiratsura joatea desio du. Hantxe dago haren Meka. Bidaia horretan eztia eta ozpina edango ditu halabeharrez: eztia, Esther gasteiztarraren eskutik; ozpina, Mendebaldeko errealitate gordinetik.

Eta Selimen historia kontatzeko hiru ahots: gazte magreb-tar berarena, Estherrena eta garaitsu hartan gurean ezagunagoa zen mugalari batena. Historia bakarra hiru generoren bidez emana: kontakizun zuzena, egunerokoa eta erreportajea. Hiru ahots, hiru genero historia zahar –bezain berri– baterako.

Irakurri dossierra Issuu-n