2014-2015

Literatur Solasaldiak

Dinamizatzailea: Ane Mayoz
Lekua: Xenpelar Etxea. Maddalen kalea, 32
Ordua: 19:00

Apirileko Solasaldirako Andrea Camilleriren Gauaren usaina nobela  aukeratu dugu

Udazkena iritsi da eta Mimi Augello, Salvo Montalbano detektibearen laguntzaile fidela, ezkontzekotan da. Baina denbora ez da alferrik igarotzen eta, ohi bezala, Montalbano krimen berri baten peskizan murgilduta dabil. Kasu berezia du eskuartean, delituaren gorpua falta baita. Bien bitartean, fruta ustelaren usaina ari da zabaltzen Vigata herrian. Baina usteldura ez da soilik frutarena, giza-usteldurarik ere ez da falta bere inguruan: finantzari batek eta bere laguntzaileak herriko jendea engainatu, dirua lapurtu eta desagertu egin dira. Herriko jendeak aurreztutako diruak ziren, burtsan jokatu eta jende xumearen aberastasun egarria estali behar zutenak. Baina iruzurgileek eta diruek hanka egin dute. Montalbanoren abilezia eta usaimenak orpoz orpo jarraituko die, eta asmatuko du ikerketaren korapiloa askatzen. Harrezkero, “arnasa sakon hartu zuen. Eta gauak beste usain bat zuela ohartu zen: usain arin, fresko bat zen, belar berriarena, zitroin-belarrarena, menda-belarrarena”.

Irakurri txostena Issuun


Martxoaren 9an Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak nobela izango dugu aztergai gure solasaldian.

Nik ordurako galdua nuen kalera irteteko beldurra. Neuzkan ezagun apurrak eta makina bat pertsona ezagun ikusi eta agurtu nuen. Bazirudien ni nintzela herritik kanpo bizitzaren zatirik handiena emandakoa eta Gorri bertan bizi izandakoa. Egia da ordurako nire adinkide batzuk joanak zirela, azken urteetako hileta elizkizunak lekuko, eta txikiak zirela ezagutu nituen umeak gizon eta emakume bilakatuak zeudela aspalditik. Galdua nuela beldurra esan dut, baina oraindik ohitu gabe nengoen jendeak luzatzen zigun begirada harritura. Behin esan nion, ez dut orain gogoan norekin topo egin ondoren, xahar xelebreak bagina bezala begiratzen zigutela. Barrez erantzun zidan Gorrik, arrazoi zutela, xelebreak ginela eta handik aurrera are xelebreagoak izango ginela, horretara bildu behar genituela eguneroko ahaleginak. Ze demontre da xelebrea izatea, esan zidan, zer egin behar genuke xelebre ez izateko, amore eman, heriotzaren zain bizi?

Irakurri txostena Issuun


2015eko otsailaren 11ean Irati Jimenezen Atsekabe zaitut liburua izan genuen hizpide gure solasaldian.

Demagun ez dagoela Bilbo bakarra, ezpada denontzat ikusgai dagoen Bilbo bat eta ezkutuan dagoen beste bat. Txakurrek eta Katuek borroka-leku duten hiria. (…)

Atsekabea munduan zehar barreiatzen delako. Dutelako. Dugulako. Atsekabearen parte izan zaitezkeelako, edo zoriontasunaren parte. Baina une batean hautatu egin behar duzu. Bizitza hautatzea baita, eta hautatzea, sarri, aldatzea. Eta guztiok beldur diogu aldaketari. Zerbait berrira jaiotzeko, hil behar dugulako. Guretzat eta ondoan izan ditugunentzat. Eta hilezkor izan nahi dugu. Baina, batez ere, zoriontsu.

Irakurri txostena Issuun


2015eko urtarrilaren 14ean Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa liburuari buruz hitzegiteko aukera izan genuen.

Inoiz ez jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamahiru sukaldeetakoa gurera sartzen ere. Alabaina, une honetan amak «ireki ezak leiho hori, bestela ito beharrean gaituk-eta» esan eta jaiki egin haiz: maratila gogorrari eragin eta aski indarka tiratu behar duk heureganantz, leihoaren bi alderdiak elkarri ohi baino itsatsiagoak baitaude. Gaurko sargoriak zura dilatatu eta nahiko lan leiho demontre hau irekitzen, pentsatzen duk. «Ya está», diok, azkenik leihoa kirrinka luze batez zabaltzen zaianean. Hor dago patioa, hemen bertan. Lehenengo inpresioa nahiko suspergarria da. Aire pittinbat bederen sartzen da, ez askorik, egia esan, gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita, baina zerbait: gaurko sargoriaz ez zitekeen gehiagorik espero. Laster erasotzen dik, ordea, ke-adar lodi batek. Beheko sukalde-leihoetatik gora datorren lurrun-mordo likitsua, patio lizunduaren paretetako pitzatuei darien sargori hezearekin nahasia. Frijidura usaina, arrozesne, «Faria» eta kafe egin berriaren usainak, zein zein den bereizten nekeza den uholde trinko batean. Tendereteak, zenbaitetan arropa zintzilik, beste zenbait eskeleto hutsik. Andre Marianeko leihoan, ezker aldean, iltze batetik eskegita kaiola bat, barruan eper bat. Andre Bitxorineko leihoan, eskuin aldean, bakailao isats bat, kedarrez zikin ez dadin plastiko batean bildurik: bakailao burugabetuaren gatz erdi ustelaren usaina ez da gaur, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan, bestetan bezain sarkor iristen gure sudurretara. Hura baino usain bortitzagorik bada patio bazterretan. Eper presoaren paparro sinkopatua: hura izaten da etxape osoan soinurik nabarmenena gehienetan, baina orain ez: bada soinu zaratatsuagorik Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan.

Irakurri txostena Issuun


Abenduaren 10ean euskal literaturaren historian ezinbestekoa den Jon Miranderen Haur besoetakoa izango dugu hizpide.

Gaiari buruz, berriz ere, euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri iruditzen bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amodio horiek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestoak ez duela bertan lekurik hartzen, libidoaren indarra absente dagoela bertatik, gure erromantikoen denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amodioak ez zirela garbiagoak izan; azkenean amodio horrek gorputzez bere burua eta amaiera hartzen baldin badu, funtsean sinbolo bat dela, errebeldiazko azken garrasi zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat. Eta Miranderen liburutik har dezakegun ikaskizun harrigarriena, hau da: Obra hau, libertateari eskainitako kantu bat dela; gezurra badirudi ere. Munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertate amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat. Hitz bitan esan beharko bagenu “Haur besoetakoa” zer iruditu zaigun, honela esanen genuke dela: ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat. GABRIEL ARESTI

Irakurri txostena Issuun


Azaroaren 12an gure Solasaldi literarioen bigarren saioari ekin genion Pello Lizarralderen Sargori nobelarekin

Sargoriaren pisua present dago hamar ipuin hauetan. Uda garaiko bazkalosteko giro itogarrian murgilduta daude pertsonaiak, beraien aisian edo lan orduetan patuak irekiko dituen zirrikituei erreparatu gabe. Batzuetan, gertakizunek zauri nimiño bat eginen dute gogoan; beste batzuetan, aldiz, henotzaren tamaineko amildegia zabalduko dute, lagun minak baitira sargoria eta tragedia. Denetan, sapa dagoenean gorputzak jasaten dituen sentsazioak ikusi, dastatu, usaindu eta ukituko dituzu, irakurle, pertsonaiekin batera; baina haiengan izkutatzen diren nahi ilunak igarri egin beharko dituzu. Orduan ezagutuko duzu zure bizitza ere elipsiek betetzen dutela.

Irakurri txostena Issuun


Urriaren 15an hasiko gara berriz ere Literatur Solasaldiekin Ane Mayozen eskutik. Dolores Redondoren Zaindari ikusezina liburua izango dugu aztergai.

Ainhoa Elizasu basajaunaren bigarren biktima izan zen, prentsak hari oraindik izen hori ematen ez bazion ere. Geroxeago etorri zen hori, gorpuen inguruan garbikunde-zeremonia gisako goibel batean abereen ilea, azal-puskak eta gizakienak ote ziren zalantza egin zitekeen arrastoak azaltzen zirela zabaldu zenean. Bazirudien halako indar gaizto, teluriko eta antzinako batek markatzen zituela jantziak urratuta, pubis-ilea moztuta eta eskuak birjin baten jarreran jarrita agertzen ziren ia neskato haien gorputzak.

Irakurri dossierra Issuun