Izenburuari erreparatzen badiogu, Zu izenik gabe dator, Zu anonimo bat da. Emakumea kasu honetan. Baina, tamalez, munduan zehar eta baita gure inguruan, gaixotasun larriak jotako hainbat eta hainbat emakume eta gizon daude. Zeinek ez du ezagutzen minbizia duen ala sufritu duen norbait?

Nobela ez da autobiografikoa Lertxundiren esanetan, “baina bere funtsa esperientzian oinarrituta dago. Azken batean, emaztearen gaixotasunak aukera eskaini dio gertatukoa ulertzeko ahalegina egiteko.”

Sufrimenduari buruz idatzi du honetan Lertxundik, nola kudeatzen dugun, nola egiten diogun aurre, nola barneratzen dugun jasatzea tokatzen zaigun sufrimendu hori

Beldurrez hartu ahal dugu liburu hau esku artean, baina gaixotasuna onartzera eramaten gaitu bere irakurketak, ikuspuntu baikor bat erabilita idatzita baitago.

Sinopsia

2012ko uztailaren hemeretzian aldatu zen betiko liburu honetako protagonisten bizitza. Narratzailearen emazteak pankreako minbizia du.  Aurrekoaren ifrentzu bihurtuko zaie handik aurrera bizitza, haren erresumako biktima apal izatera pasatuz. Orduantxe sortzen da “Zu”, eta bere eguneroko bizitzak zer ikusi gutxi izango du iraganekoarekin; haren itzala da, ezinbestean barrendu da, zorigaiztoko diagnostikoa eskutan –nola klasikoengan “urrezko abartxoa” itzalen mundurako pasaporte–, bizitza berrira, xumera, zenbatez zinezkoagora, premiak behartuta, intentsoago, tristeago, abailduagora. Bizitzaren dimentsio ezezagun eta berria.